Urteko batzarra egingo du Txanda elkarteak, ilunkaran
Txanda elkarteko 9 bazkidek osatzen dute zuzendaritza batzordea eta bostek utzi egingo dute, jardunean bi urte bete ondoren. Kide berriak iluntzean egingo den urteko batzarrean aukeratuko dira. Beloki iturgintza, Kimu lora denda, Odriozola harategia, Oñabike eta Urzelai estankoa dira zuzendaritza utziko dutenak, jarraitu berriz, Ane Mertzeria, Aranburu margoak, Luar eta Maibi dekorazioa eta ehungintza. Lau hauek beste urtebete emango dute.
2024ko ekintzen memoria eta diru kontuak azalduko dira gaurko batzarrean; udazken-neguko eta udaberri- udako azken txanpak, martxoak 8a, Korrika, margo taldearen erakusketa, Oñatin erosiz, Oñati bizirik eta Gabonetako kanpaina, sektoreko profesionalen formakuntza eta merkataritza bulego teknikoa dira iaz Txandak egin zituen ekintzetako batzuk. Guztien berri eman eta balorazioa egingo da batzarrean, eta aurtengo plangintzan zeintzuk eta nola txertatu eztabaidatuko da. Galderetarako tartea ere zabalduko da bilera amaitu aurretik.
Txanda dendarien elkartea zerbitzu eta salgai ezberdinak dituzten herriko 40 komertziok osatzen dute egun. Guztiek batera, edo batzuek bakarrik zuzenean parte hartzen duten ekintzak antolatzen dituzte urtean zehar, bai barrura begira, formakuntza saioak esaterako, eta baita kanpora begira ere, bezeroak eskertu eta saritzeko, eta, bereziki, elkartea eta tokikoaren garrantzia herrian ikusarazteko. Ahalegin horretan Udalaren edota Eusko Jaurlaritzaren laguntza jasotzen dute, nagusiki.
Gaurko batzar orokorrerako lehen deialdia 20:15etarako egin da, bigarrena 20:30etarako. Batzarra, San Juan kaleko 5ean udalak duen lokalean egingo da.
Iturria: Oñati Irratia
Harpidetu boletinera
Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!