Oñatiko udala

Urteetako langabezia tasa apalena erregistratu da irailean Oñatin

2024/10/15
Card image cap
309 langabe zenbatu ziren, 2019ko uztaileko kopuruen pareko

  Langabe kopuruak oso nabarmen egin du behera herrian azken hilabetean; 29 lagun gutxiago erregistratu dira enplegu zerbitzuan eta langabezia tasa % 5,68 da une honetan. Herriko estatistiketan antzeko kopuruak topatzeko bost urte egin behar da atzera, 2019ko uztailera, hain zuzen ere.

  Datuak xeheago aztertuta, langabe dauden gizonezkoen kopuru apalak ematen du atentzioa, 309 langabeetatik 108 gizonezkoak baitira, eta halakorik ez dugu sekula ikusi. Horrek, langabe dauden herritarren % 35a gizonezkoak direla esanahi du, edo txanponari buelta emanda, % 65a emakumeak. Portzentaje horiek azken hilabeteetan handituz doan aldea nabarmentzen dute. Iazko irailean esaterako, 100 langabeetatik 59 ziren emakumeak. Adinari erreparatuta, 25 urte gorakoen artean egin du behera langabe kopuruak azken hilabetean eta bereziki, 25 eta 44 urte bitartekoen artean. Hala ere, iazko irailean baino gehiago dira egun adin tarte horretako langabetuak.

  Jaso berri ditugun langabe datu hauek, udako datu orokorrak asko leundu dituzte eta urteko hirugarren hiruhilabetekoaren bataz besteko langabezia tasa asko jaitsi dute; %5,88 da bataz besteko hori, aurreko hiruhilekoan baino 10 ehuneneko handiagoa.

  Debagoienera begira, Antzuolan izan ezik, gainontzeko herri guztietan langabezia murriztu egin da eta, orokorrean, abuztuan baino 92 langabe gutxiago erregistratu dira. Hego Euskal Herrian ere iraila hilabete ona izan zen, langabeziari dagokionean eta aipagarria da Gipuzkoan izan den kontratazio maila handia, azken bi hamarkadetan irailean izandako daturik hoberenak erregistratu baitziren. Oporrak tarteko hezkuntzan izan diren bajak eta iraileko kontratazio berriak izan omen dira aipatu gora beheren arrazoi nagusi, ekonomia adituen esanetan. Oñatira etorrita, irailean erregistratu diren 294 kontratuetatik 129 industrian izan dira eta 164 zerbitzuen arloan.

Iturria: Oñati Irratia

 

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!