Urtebetez luzatuko da etxez etxeko laguntza zerbitzuaren kontratua
Orain bi urte Goxarak eta Udalak sinatu zuten lehen kontratuak urtebeteko beste bi luzapen egiteko aukera jasotzen zuen. Indarrean den hitzarmena irailaren 30ean amaituko dela kontutan hartuta, enpresarekin harremanetan jarri ziren Ongizate Zerbitzuko arduradunak eta urtebeteko lehen luzapena gauzatzea adostu dute. Lan orduaren prezioa eguneratu da eta 2024ko urriaren 1etik 2025eko irailaren 30era arte luzatuko den kontratuaren ordainetan 1.133.907 euroko gastua onartu du Udalak.
Etxez etxeko laguntza zerbitzua ezintasun maila ezberdina duten pertsonei eskaintzen zaie, etxeko garbitasunetan, bazkaria prestatu edota jantzi eta beren burua txukuntzeko astean hainbat orduz eskaintzen den laguntza zerbitzua. Helburua, zerbitzuaren onuradun direnen autonomia maila mantentzea da, etxean bizi direla, behar duten laguntza eskainiz. 168 erabiltzaile izan zituen zerbitzuak iaz eta % 72a, 80 urtetik gorakoak ziren. Guztira, 34.000 zerbitzu ordu bete ziren, 2023ko txostenaren arabera. Egun, 38 langile ari dira etxez etxeko laguntza ematen.
Matia Fundazioan parte hartzen duen Goxara enpresaren egoitza nagusia Beasainen dago nahiz eta Oñatin ere bulegoa badaukan, Ramon Irizar kaleko plazatxoan.
Iturria: Oñati Irratia
Harpidetu boletinera
Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!