Oñatiko udala

Urtebetez luzatu da Udala eta Oñatiko Kale Katu Elkartearen arteko lankidetza hitzarmena

2025/01/20
Card image cap
Udalak 7.000 euroko dirulaguntza emango dio OKKEri

  Katuenganako sentsibilizazio berezia duten hainbat herritarrek orain bizpahiru urte eratu zuten OKKE taldea. Kaleko katuen ongizatea bermatzea du helburu elkarteak eta horrekin bat egiten du Udalak, baita katuen ugalketa kontrolatzeko beharrarekin ere. 2023ko irailean onartu zuen Osoko Bilkurak bien arteko lankidetza hitzarmena, katu-kolonien kontrola eta jarraipena egin dezan dirulaguntza zuzena emateko konpromisoarekin. Aipatu hitzarmena urtebetez luzatzea erabaki da.

  Udala eta elkartearen arteko lankidetza hitzarmenaren baitan, alde bakoitzak hainbat konpromiso hartzen ditu: OKKE elkartea arduratuko da kale katuak herriko albaitaritza kliniketan esterilizatu eta markatzeaz; kolonia kontrolatuan utzi aurretik, mikrotxip bidez behar bezala identifikatu eta hauen adopziorako bitartekoak jartzeaz; katuentzako janaririk ez da bide publikoan utziko eta baimendutako elikadura puntuetan bakarrik elikatuko dira eta galdutako edo abandonatutako animaliak udaltzaingoarekin eta garbiketa zerbitzuarekin elkarlanean jasoko dira, zehaztutako jarduketa protokolo jarraituz. Udalak, bere aldetik, hitzarmenaren harira sortutako gastuak ordaintzeko 7.000 euroko dirulaguntza emango du, %60a, gutxienez, animaliak esterilizatzera zuzenduko delarik.

  Urtebetez luzatu den Udala eta OKKEren arteko lankidetza hitzarmenak azaroaren 16ra arteko iraunaldia izango du. Urteko dirulaguntzaren lehen zatia, %60a orain ordainduko da eta gainontzekoa, hitzarmenaren indarraldi epea amaitu baino lehen, beti ere, elkarteak jasotako diruaren justifikazioa aurkeztu ondoren.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!