Langabeziak behera egiten jarraitzen du Oñatin
Urtea hasi zenez geroztik gehiago edo gutxiago baina murriztuz joan da herriko langabeen kopurua. Azken hilabetean 15 langabe gutxiago zenbatu dira eta langabezia tasa % 6aren azpitik kokatu da, lehengo aldiz urtean. Martxoaren 31n, 313 langabe zeuden Oñatin eta langabezia tasa % 5,77 da. 2019tik ez da halako tasa bajurik neurtu gurean. Pademia aurreko mailan dago Oñatiko langabezia maila.
Gizonezkoen artean murriztu da bereziki langabeen kopurua, otsailean baino 11 gizakume gutxiago zenbatu dira. Ondorioz, lan bila eta ezinean dauden emakume eta gizakumeen arteko aldea berriro handitu da, 10etik 4 gizonak dira, 6 emakumeak.
Urte hasieran baino 36 langabe gutxiago daude Oñatin. Orain urtebeteko datuekin alderatuta diferentzia antzekoa da, iazko martxo akaberan baino 33 gutxiago daudelako. Martxoa hilabete ona izan ohi da gurean enpleguaren ikuspegitik; urte amaiera-hasierako kontratu bukaera ugariei buelta ematen hasi eta langabezia murriztu ohi den hilabetea izaten da. 2023koa azken urteetako martxorik hoberena izan da.
Debagoieneko herri guztietan murriztu da langabeen kopurua martxoan. Eta Hego Euskal Herrian joera errepikatu da; langabe kopurua gutxitu eta Gizarte Segurantzan afiliazio kopurua handitu da. 8.700 langile gehiago zenbatu dira martxoan Hego Euskal Herrian.
Iturria: Oñati Irratia
Harpidetu boletinera
Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!