Oñatiko udala

Urtarrilaren 19an egingo da Oñatiko Emakumion Kontseiluaren eratze asanblada

2022/12/22
Card image cap
Kontseilukide izateko eskaera udalean aurkeztu behar da

  Asteartean egin zen Oñatiko Emakumion Kontseiluaren lehenengo batzar irekia eta orain arteko ibilbidea errepasatu zen, kontseiluari babesa emango dion udal ordenantzaren ezaugarri eta puntu nagusiak azaldu ziren, eta kontseiluaren formalizaziora bidean emango diren hurrengo urratsak zehaztu ziren, besteak beste, kontseiluaren eraketa bera.

  Emakumion Kontseilua lankidetza publiko-sozialaren logikan kokatu behar da, eta administrazioaren menpeko organu gisa formalizatuko bada ere, udalak espazio autonomo, malgu eta libre gisa aitortzen du kontseilua. Kontseilukideei dagozkien betebehar eta egitekoak, eta udalari dagozkionak jaso dira kontseiluaren eraketa eta funtzionamendua arautzeko udal ordenantzan. Dialogorako eta elkar entzuteko espazioa da Oñatiko Emakumion Kontseilua, eta gai eta baldintza konkretu batzuetan erabakimena aitortzen bazaio ere, erabakimenean baino, inpaktuan jartzen du fokua lan taldeak; taldearen lana eraginkorra, garrantzitsua eta eraldatzailea izatea da helburua.

  Kontseiluak irekiak diren asanblada orokor bat edo bi egingo ditu urtean eta gainerakoan, lan taldeen bidez funtzionatuko du. Kontseiluan parte hartzea banakakoa izango da, eta gaiaren gaineko interesa duen edozein emakumek parte hartu ahal izango du. Kontseiluan parte hartu ahal izateko, eskaera orokor bat aurkeztu beharko da udalean, HAZ-en edo tramitazio elektroniko bidez.

  Emakumeen Kontseilua izango dena osatzeko eratze asanblada egingo da urtarrilaren 19an, 17:30etan. Ordura arte jasotako eskaeren araberako izendapena egingo da asanbladan. Dena den, kontseiluko kideak izendatzeko aukera urte osoan zehar mantenduko da irekita.

  Emakumeen etxea definitzen jarraitzeko batzarra ere egingo da urtarrilaren 21ean. Azaroan Zumaia, Azpeitia, Donostia eta Hernaniko emakumeen etxeak bisitatu ondoren, Oñatikoa nolakoa izatea nahi den zehaztu behar da. Aipatu bisitetan garbi ikusi zen etxe eta funtzionamendu eredu oso ezberdinak daudela. Urtarrilaren 21erako finkatu den batzarraren helburua da eskuartean dauden aukera guztiak mahai gainean jartzea, hurrengo fasean, Oñatiko egitasmoa definitzen joan ahal izateko. Oñatiko emakume etxearen inguruko batzarra urtarrilaren 21ean egingo da, Eltzian, 11:00etatik 13:30etara.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!