Oñatiko udala

Urrutxuko ekarpen gunean jasoko da Debagoieneko artilea, azaroaren 6an

2024/10/18
Card image cap
Artile bilketa Urrutxun, iaz
Artilea eraman aurretik ordaindu beharko da zerbitzua, artaldearen tamainaren arabera

  Astean abiatu dute Gipuzkoako artile bilketa kanpaina berria, Lurgintza, Abelur eta Gipuzkoako Landa Garapena Elkarteen Federazio Landaola elkarteek elkarlanean. Gipuzkoan zazpi bilketa puntu zehaztu dira, eskualdeka; Idiazabalen, Azpeitian, Asteasun, Oiartzunen, Berastegin, Elgoibarren eta Oñatin antolatu dira bilketak hiru astetan, urriaren 14tik azaroaren 6ra. Azkena, Debagoienari dagokiona izango da, Urrutxuko ekarpen gunean.

  Debagoieneko artzain eta baserritarrek Oñatiko bilketara eraman beharko dute artilea, azaroaren 6an. Aurrez, telefonoz deitu beharko dute zenbaki honetara: 696 433 602. Bertan jakinaraziko zaie zein ordu eta tokitan entregatu beharko duten artilea. Artzainak bere izen-abizenak, helbidea eta NAN zenbakia eman beharko ditu eta azken erroldan zuen ardi kopurua ere bai, zerbitzuaren ordainketa kopuru horren arabera egin beharko baita. Baina ordainketa artilea eraman aurretik egin beharko da, Rural Kutxako kontuan (ES50 3008 0152 6549 2039 5821) . Ordainketa egiterakoan artzainaren izen-abizenak eta baserriaren izena jarri beharko da kontzeptu moduan. Diru sarrera, ardi kopuruaren arabera egin beharko da eta 50 ardi edo gutxiago dutenen tasa, 39,44 euro izango da, esaterako eta 700 arditik gora dutenena, 434,67 euro. Artilea eramateko tasa merkatuz doa ardi kopurua handituz doan heinean. Baina ordaindu beharreko tasa ere jakinaraziko da telefonoz deitzerakoan. Ordainagiririk aurkeztu ezean ez da artilerik jasoko.

  Artilea arazo bihurtu da artzainentzat, garai batean zuen balioa galdu du eta berrerabilera txikia duenez inork ez du hartu nahi. Horregatik, artile bilketa kanpaina bereziak egiten ari dira azken urteotan, Lurgintza, Abelur eta Landaola elkarteek antolatuta. Finantzaketaren zati bat Foru Aldundiak ordainduko du eta bestea, artzainek. Iazko tasak pitin bat jaso dira, KPIa aplikatuta.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!