Oñatiko udala

Urgain eskolaren eredu inklusiboa azalduko da “Harrerara igarotzen diren emakumeak eta adingabeak” jardunaldien baitan

2024/11/21
Card image cap
Salvamento Maritimo Humanitario-ak eta Lankidetza Foru Departamentuak antolatu dituzte jardunaldiok

  Atzo hasi eta gaur osatuko dira, Donostian, Harrerara igarotzen diren emakumeak eta adingabeak izeneko jardunaldiok. Helburua da emakume eta adingabe migratzaileek beren jatorritik irten eta mugak igarotzean zein ondoren, helmugako herrialdeetara iristean, dituzten zailtasunak eta erronkak ikusaraztea. Horretarako, migrazio-prozesuak bizi izan dituzten emakumeak eta eremu horietan diharduten langileak testigantza ematen ari dira jardunaldietan. Arratsaldean, Urgain herri eskolako zuzendaritza batzordekoek berba egingo dute, eskolaren eredu euskaldun eta inklusiboaz.

  Jardunaldiek bi arratsalde hartuko dituzte eta bakoitzean, gai bat jorratuko da. Atzo, esaterako emakumeak eta mugak izenburupean, emakumeek migrazio-prozesuan eta herrialde berrietara iristerakoan dituzten zailtasunak aztertu ziren. Prozesu horiek bertatik bertara ezagutu dituzten lau emakumeren hitzaldiak entzun ziren eta mugekin, erbestearekin eta giza eskubideen aldeko borrokarekin zerikusia duten gaiak azaldu zituzten.

  Gaur, berriz, adingabe migratzaileentan zentratuko dira, Eskola-segregaziotik eskola inklusibora, nola egingo dugu? izenburupean. Hezkuntza-eredu inklusibo baterantz egiteko premian oinarrituta, aurkezpen teoriko batetik abiatu eta hezkuntza-arloko profesionalek partekatutako esperientzien bidez, gogoetarako tartea ireki nahi da. Horretan arituko dira Urgain eskolako hiru kide, azalduz nola lan egiten duten, hezkidetzan eta bizikidetza positiboan oinarrituta, eskola euskaldun eta inklusiboa lortzeko bidean. Gaurko saioa, 16:30etatik 19:30etara izango da, Donostiako Anoetako Kirol etxean eta streaming bidez ere emango da.

  Salvamento Maritimo Humanitario erakundeko ordezkari batek ezagutzen du Urgain eskolaren hezkuntza eredua eta honek proposatu zien jardunaldietan parte hartu eta Oñatin egiten ari diren lanaren berri ematea. Eskolako lagunek pozik hartu dute gonbidapena eta eskola inklusibo kontsideratu izana harro egoteko modukoa dela esan digute.

Iturria: Oñati Irratia

 

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!