Oñatiko udala

Urgain eskolako sukaldariek greba egingo dute bihar eta etzi

2025/02/18
Card image cap
Gutxieneko zerbitzuak beteko dira eta familien esku utzi da grebara zelan atxiki erabakitzea

  Ikastetxe publikoetako sukalde eta garbiketako langileak grebara deituta daude berriro bihar eta etzi. Gurean sukaldea duen ikastetxe bakarra Urgain herri eskola da eta bertan diharduten lau langileek greba egitea erabaki dute. Hala ere, sukaldari bat lanera joan beharko da Hezkuntza sailak agindutako gutxieneko zerbitzuak betetzeko. Jangelan geratzen diren ikasleen zerbitzua bermatuko da baina ez da ohiko bazkaria eskainiko. Horregatik, familiei bidali zaien gutunean, grebara zelan atxiki erabakitzea familien esku utzi da. 250en bat ikasle dira Urgain eskolan bazkaltzen geratu ohi direnak.

  Sukaldeko langileak ez ezik, garbiketakoak ere grebara deituta daude. Kasu honetan, eragina txikiagoa izango da herriko ikastetxe publikoetan, gehienetan, azpikontratatutako enpresetako garbitzaileak aritzen direlako. Hezkuntza sailari dagozkionak hiru dira bakarrik.

  LAB, Steilas, ELA eta CCOO sindikatuek ikastetxe publikoetako sukalde eta garbiketako langileak grebara deitu dituzte bihar eta etzi, urtarrilaren 30 eta 31n egin bezala. Azken 15 urteetan berritu ez den lan hitzarmena eguneratzea, lan-zama arintzea, plantilak gaztetzeko plana garatzea, galdutako eros-ahalmena berreskuratzea, enplegu publikoa egonkortzea, langileen lan osasuna bermatzea eta hezkuntza publikoko sistema osoa euskaldunduko duen hizkuntza politikak abiaraztea eskatzen dute, besteak beste.

  Datorren astean, hilaren 26 eta 27an, Hezkuntza publikoan diharduten irakasleak deitu dira grebara.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!