Oñatiko udala

Urgain eskolako irakasleen % 83ak eta institutukoen erdiek greba egingo dute bihar eta etzi

2025/01/21
Card image cap
Hezkuntza publikoan deitu diren 12 greba egunetatik lehenengo biak irakasleei zuzenduta daude

  LAB, Steilas, ELA eta CCOO sindikatuek 12 greba egun erregistratu dituzte hezkuntza publikoan urtarrila eta otsailerako; 30.000 langile inguru deitu dira parte hartzera, irakasle, garbitzaile, sukalde eta haurreskoletako langileak. Hain zuzen, irakasleek urtarrilaren 22an eta 23an eta otsailaren 26an eta 27an egingo dituzte lanuzteak, Haurreskolak Partzuergoko langileek urtarrilaren 28an eta 29an eta otsailaren 12an eta 13an, eta sukalde eta garbiketako langileek urtarrilaren 30ean eta 31n eta otsailaren 19 eta 20an.

  Lan baldintzak arautzen dituzten hitzarmenak eguneratu gabe 15 urte daramatzatela gogorarazi dute, eta Hezkuntza sailak aldebakarrez hartutako erabakiak hartzen eta eduki nahikorik gabeko negoziazio mahaiak deitzen jarraitzen duela salatzen dute. Grebara deitutakoen aldarrikapen nagusiak dira: lan zamak arintzea, plantilak gaztetzeko plana garatzea, galdutako eros-ahalmena berreskuratzea, enplegu publikoa egonkortzea, langileen lan osasuna bermatzea, hezkuntza publikoko sistema osoa euskaldunduko duen hezkuntza politikak abiaraztea eta kalitatezko berdintasun eta hezkidetza plan egonkorrak garatzeko baliabideak jartzea.

  Urgain herri eskolako irakasleen % 83ak bihar eta etzi greba egitea erabaki du baina Hezkuntza sailak agindutako gutxieneko zerbitzuak beteko dituzte eta ikasleen zaintza bermatuko dute. Hala jakinarazi diete gurasoei gutun bidez.
Zuazola eta Larraña eraikinak batzen dituen Oñatiko Institutuko irakasleen erdiek erabaki dute greba egitea. Ondorioz, ikasleek zenbait eskola ordu izango dituzte baina beste batzuk ez.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!