Oñatiko udala

Urgain-Errekaldeko jolasgunea eraberrituko du Udalak

2023/03/15
Card image cap
Ondoko lursaila integratuko da, natura eskolara gerturatu eta harremantzeko eta jolasteko eredua eraldatuz

  Lur Paisajistak enpresak osatutako proiektuan oinarrituko dira Urgain-Errekalde herri eskolako jolasgunea eraberritzeko lanak. Bi fasetan egingo dira eta esleipen prozesura atera den lehen fasean hiru eskuhartze nagusi biltzen dira: patio ondoan dagoen udal jabetzako lur saila jolasgunean integratzea, kirol zelai asfaltatuaren azalera gogorra murriztea eta euri uren kanalizazio egokia egin eta hori probestuz, jolas eremu berritzailea sortzea. Lanek 100.280,76 euroko aurrekontua dute eta zati batean Eusko Jaurlaritzaren Ingurumen eta Hezkuntza Sailetara eskatu diren dirulaguntzez osatzea espero dute udal arduradunek.

  Urgain-Errekaldeko jolasgunea eraberritzeko proiektuan, egun asfaltozkoa den jolasgunea bi herenetara murriztuko da, saskibaloi zelaia eta futbol zelaietako bat mantenduz. Baina ondoko lursaila jolasgunera integratuko da, espazio berritzaile berde eta jarduera asko eta ezberdinak praktikatzeko lekua egokituz. Horretarako egungo jolaslekuaren eta ezponda artean dagoen itxitura eraitsiko da, esku berde baten moduan, natura eta eremu berdeak asfaltozko futbol zelaiaren azalera kolonizatuko duelarik; tamaina ezberdineko eta hartxintxar, pinu azal eta bestelako materialez estaliko diren zirkulu moduko batzuk sortuko dira, haurrak, irudimena eta jolasaren bidez esperimentatzera bultzatuz.

  Eskola eta herri lurren artean dagoen itxitura eraitsi ez ezik, lursail horretan urarekin dagoen arazoa konponduko da, hau da, euri urak bildu eta bideratuko dira eta, aldi berean, ura, jolaserako elementua bihurtuko da. Ondoko lursailaren malda hainbat puntutan leunduko da, hiru terraza horizontal sortuz eta lanen hurrengo fasean aurreikusten diren esku-hartzetarako prestatuz.

  Urgain-Errekaldeko jolasgunea eraberritzeko lanak egin asmo dituzten enpresek martxoaren 24ra arteko epea dute proposamenak aurkezteko. Eskaintza ekonomikoak balorazio orokorraren % 85eko pisua izango du eta berme epea luzatzeak %15ekoa. Lanak egiteko 12 asteko epea finkatu du Udalak, eta egokiena, udako opor garaian egitea litzateke.

  Urgain-Errekaldeko jolasgunea ikastetxeak erabiltzen du eskola egun eta ordutan, baina irekita egoten da gainontzeko tarteetan, auzotarrek eta herritarrek erabili dezaten.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!