Oñatiko udala

Urgain-Errekalde ikastetxean greba egingo dute bihar eta etzi

2018/03/13
Card image cap
Zuazola-Larraña institutuan lan uztea ez da orokorra izango eta eskolak irakaslearen arabera emango dira, edo ez

  Unibertsitatez kanpoko hezkuntza publiko arloan greba deitu da bihar eta etzirako Euskal Autonomia Erkidegoan, lan baldintzak hobetu, hezkuntza eraiki lemapean. Deialdiak oihartzun ezberdina izango du herriko ikastetxe publikoetan. Urgain-Errekalde eskolako irakasleen gehiengo zabalak, 10etik 9ak greba egingo du bihar eta etzi. Ondorioz, klaseak ez direla emango eta jangela zerbitzuan ere eragina izango duela jakinarazi zaie gurasoei. Hezkuntza Sailak agintzen dituen gutxieneko zerbitzuak beteko dira eta ikastetxeko ateak irekiko dira baina bizpahiru irakasle bakarrik izango dira. Hurbiltzen diren haurrak hartuko dituzte eta jolasak edo eskulanak egingo dituzte, baina eskolarik ez da emango. Zuazola-Larraña institutuan berriz, lan uztea ez da orokorra izango, hainbat irakaslek greba egingo dute eta beste batzuk lan. Klaseak ondorioz, irakaslearen arabera emango dira, edo ez.

  Bihar eta etziko greba deialdia ELA, LAB eta Steilas sindikatuek egin dute, hezkuntza publikoaren egoera salatu eta lan baldintzak hobetzea eskatzeko. Inbertsioa handitu, irakasleen ordezkapenak lehen egunetik betetzea, bajen ordainketa osorik egitea, egun % 40a den behin-behinekotasuna murriztu eta langile plantillak egonkortzea, erretirorako eskubideak berreskuratzea eta gela bakoitzeko ikasle ratioak txikitzea eskatzen da, besteak beste. Era berean LOMCEak ekarritako aldaketak ez aplikatu eta euskal hezkuntza eredua indartzea eskatzen dute sindikatu eta irakasle eta hezitzaileek.

  Pasa den udazkenean unibertsitatez kanpoko euskal hezkuntza publikoan hainbat mobilizazio eta lan uzte egin ziren. Datozen asteetarako ere, deialdi ezberdinak egin dira sektoreka edota kolektibo guztiak batera egin ditzaten. Bihar eta etziko deituta dagoen grebak, Urgain Errekalde ikastetxeari eragingo dio bereziki.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!