Oñatiko udala

Umama Eguberri-2 proiekturako zazpi abesti grabatu ditu Ganbara Abesbatzak, astean

2024/07/18
Card image cap
Abenduan egingo den aurkezpen biran ere parte hartuko du

  Umama proiektua 2003an jarri zuen martxan Juantxo Zeberio musikariak. Hainbat doinu birmoldatu eta jazz estilora egokitu zituen. Egitasmo horren baitan bi disko kaleratu ziren, Umama-1, 2003an, eta Umama-2, 2007an. Sei urte beranduago, 2013an, Umama Eguberri proiektua gauzatu zen, Gabonetako kantu ezagunen lehen moldaketarekin eta orain, Umama Eguberri-2 diskoan parte hartzera gonbidatu dute Ganbara Abesbatza.

  Euskal tradizioari eta Eguberriei lotutako zortzi abesti aukeratu dira eta horietako zazpi grabatu dituzte Ganbara abesbatzako kideek astean, Elkarrek Adunan duen estudioan. Orain hiru hilabete inguru hasi ziren Gabonetako abestiak prestatzen. Grabazioak berriz, Victor Sanchez teknikariaren esanetara egin dituzte.

  Baina Umama Eguberri-2 proiektua ez da diskora mugatuko eta aurkezpen kontzertuen bira egingo da, Gabonetan;  Ganbara Abesbatzak zuzenean parte hartuko du. Oraingoz, lehen bi kontzertuak lotuta daude: abenduaren 20an, Tolosako Leidorren, 23an, Iruñeako Gayarre antzokian.

  Pozik, oso pozik daude Ganbara Abesbatzakoak esperientziarekin eta gogotsu, udazkenean kaleratuko den Umama Eguberriak-2 diskoa eskuratzeko. Azkenaldi honetan elkarlan askotan parte hartzen ari dira Ganbara faktoriako taldeak, izan beste musika eragileen egitasmoetan, izan filma ezberdinetako soinu banden grabazioetan. Horrek, taldearen maila agerian uzten du.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!