Oñatiko udala

ULMA Taldearen salmentak %9 handitu ziren iaz

2024/06/24
Card image cap
(Arg: Ulma)
Bilakaera positibo hori taldeko bederatzi negozioetan izan zen

  Ulma taldearen Ohiko Batzar Nagusia egin zen ostiralean eta bertan azaldu ziren aurreko urteko datu ekonomikoak nahiz etorkizunerako erronkak. 2023a urte ona izan da Ulma kooperatiba taldearentzat, 1.142 milioi euroko salmentak lortu baitira, oraindik ere oso beldurti eta ziurgabetasun handiz agertzen den merkatu testuinguruan. Baina dibertsifikazioa eta nazioartekotzea erabakigarriak izan dira mundu mailako ingurune zalantzagarri horretan taldearen jardueraren hazkundea kudeatzeko.

  Salmenten zifra orokorra %9 handitu zen iaz, aurreko urtearekin alderatuta baina hazkundea ez zen diru kopuruetara mugatu eta 205 lanpostu berri sortu dira, 2023an zehar, orokorrean profil jakin batzuk erakartzeko dauden zailtasunak gaindituta. Horrek guztiak ULMA Taldea sendotzen du, eragile enplegatzaile giltzarri gisa eta industria arloko erreferentziazko kooperatiba taldeetako bat gisa azaldu du Iñaki Gabilondok, Taldeko zuzendari nagusiak.

  Ulma taldearen plantilla 5.600 pertsona ingurukoa da, une honetan, eta horietatik %53k Taldeak Oñatin eta Otxandion dituen kooperatiba matrizeetan garatzen du bere jarduera. Gainerakoa negozioek herrialde ezberdinetan dituzten 72 filialetan banatzen da. Nazioarteko salmentak 837 milioi eurokoak izan dira, 2022an baino %8 salmenta gehiago. Zifra hori ULMA Taldearen sarrera guztien %73 da. Gabilondoren iritziz, 2023a urte aparta izan da, eta proiektu sozioenpresarial sendo eta lehiakor bat indartzen jarraitzea ahalbideratzen du. ULMA Taldearen nazioarteko jarduerak duen pisu handiak aukera ematen du tokiko arriskuekiko esposizioa orekatzeko eta hainbat merkatutara sartzeko malgutasuna izateko, Iñaki Gabilondoren esanetan.

  2023 urte garrantzitsua izan da Ulma taldearentzat, Mondragon Taldea utzi ondorengo lehen jardun urtea izan delako.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!