ULMA Hormigon Polimero kooperatibak egingo ditu hilerrirako 1.400 plaka berriak
Eskaintza bakarra jaso da hornidura prozesura, Ulma Hormigon Polimero kooperatibarena, hain zuzen. Udalak zehaztutako baldintza guztiak betetzen zituela egiaztatu ondoren, esleipena bere alde egitea erabaki zen. Hormigoi polimerozko 1.400 plaka edo tapek 24.640 euroko kostua izango dute, Udalak finkatu zuen gehienezko aurrekontua ia 2.000 eurotan merkatuta. Kontratua astelehenean sinatu zen.
Ulma Hormigon Polimero kooperatibak hornitu beharko dituen plaken tamaina zehatza da: 642 mm luze, 750 mm zabal eta 15 mm-ko lodiera. Izan ere, nitxoak ixteko egun dauden tamaina bereko fibrozementuzko tapak ordezkatuko baitituzte. Fibrozementuak amiantoa dauka eta bere manipulazioa arriskutsua gerta liteke osasunerako, horregatikk erabaki da aldatzea.
Tapen ordezkapena aldi berean egingo da, hau da, fibrozementuzkoa kendu eta hormigoi polimerozkoa berehala jarriko da. Lanak, ondorioz, tapa berriak eskuratu ondoren egingo dira. Ulma kooperatibarekin izenpetu den kontratuaren arabera, plaka berriak hornitzeko hiru hilabeteko epea izango du. Tapa berrien hornidura lotu aurretik, amiantodun tapak kendu eta kudeatzeko zerbitzua esleitu zion Udalak KUBER enpresari.
Aldatuko diren itxitura tapak hilerriko 2. luzapenaren 3. faseko eremuan dauden nitxoenak dira. Ez daude begi bistan eta ezer aldatu denik ez dugu igarriko. Nitxoetako itxitura plaken aldaketak ez du inolako kosturik izango jabeentzat.
Iturria: Oñati Irratia
Harpidetu boletinera
Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!