Oñatiko udala

Ugarte eraikuntza enpresak egingo ditu Emakumeen etxea egokitzeko lanak

2025/02/12
Card image cap
Eraikinaren barne banaketa egingo da, Zelaia-Erauskin arkitektoek osatutako proiektuaren arabera

  Emakumion etxia egokitzeko lanen bigarren fasea gauzatzeko esleipena egin berri du Udalak. Ugarte eraikuntza enpresak egingo ditu, eraikina egonkortzeko aurreko lanen antzera.

  Kale Zaharra 13 zenbakian Emakumion Etxia jarduera gaitzeko hainbat egokitze lan egingo dira: eraikinaren erabilerarako barne banaketa egokitu eta hartarako instalazioak gertatuko dira; obrako eskailera ordezkatuko duen behin betiko eskailera eraikiko da eta ate eta leihoetako arotzeria lanak egin beharko dira. Etxearen barne espazioen diseinurako 2023an burutu zen parte-hartze prozesutik atera ziren proposamenak hartu dira oinarri gisa. Eraikinaren eraginkortasun energetikoa ere zainduko da, energia eskaria eta kontsumoa murrizteko hainbat neurri hartuz, hara nola, isolamendua hobetu edota instalazio eraginkorrak sortzeko bitartekoak jarriz. Guztia Zelaia-Erauskin arkitektoek osatu zuten proiektuan zehazten da eta horri jarraituz egingo dira eraikina barrutik egokitzeko lanak. 

  Udalak deitu zuen esleitze prozesura Ugarte eraikuntzaren eskaintza bakarra aurkeztu zen. Proposamenak zehaztutako baldintza eta oinarriak betetzen zituela egiaztatuta, herriko enpresa hau kontratatzea erabaki zen. Pasa den astean bertan sinatu zen horretarako dokumentua. Lanak laster hasiko dira eta esleipen deialdian 12 hilabeteko epea zehaztu bazen ere, enpresak, 75 egun gutxiagotan egiteko proposamena aurkeztu zuen, exekuzio epea murriztuz. Berme epea berriz, 5 urtez luzatzea onartu da. Emakumion Etxiaren barne egokitze lanok 1.164.823 eurotan egingo dira, udalak finkatu zuen gehienezko aurrekontua 43.300 eurotan merkatuta.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!