Oñatiko udala

Ugarte eraikuntza enpresak egingo ditu Emakumeen etxea eratzeko lehen lanak

2023/03/09
Card image cap
Bihar bertan jarriko da lanetarako garabia Aita Mortara kalean

  Kale Zaharreko 13 zenbakidun eraikinean Emakumeen etxea egokitzeko lanak bi fasetan egingo dira; orain, lehenengo fasean, eraikinaren egonkortasuna ziurtatzeko lanak egingo dira eta, bigarrenean, eraikinaren barne banaketa egingo da.
Ugarte enpresari esleitu berri zaizkion lanen helburua, eraikinaren egitura eta fatxada egonkortzea da.

  Teilatua eraberrituko da, eskailera berria jarriko da egungoaren kokapen berean eta igogailua ere ezarriko da. Barne banaketa eraitsiko da, espazio irekiak utziz. Eraikina herriko kasko historikoan kokatzen denez, eraberritze lanetan Foru Aldundiak zehaztutako baldintzak bete beharko dira: harrizko hormetan erabiltzen den morteroak karezkoak izan beharko dira, porlanaren erabilera saihestuz; zutabeak ordezkatzeko orduan haritzez egindakoak erabili beharko dira eta egurrean tratamendua eman aurretik, erabili asmo diren produktuen fitxa teknikoa aurkeztu beharko da Foru Aldundian honek onartu ditzan. Dagozkion egurrezko elementu berriak jarri edo egungoak berrerabiliko dira.

  Lanak berehalakoan hasiko dira eta bihar bertan garabia muntatuko da Aita Mortara kalearen sarreran. Hainbat aparkaleku kenduko dira, tartean, elbarrientzat gordetako bi. Mugikortasun urria dutenentzat ordezko bi aparkaleku egokituko dira Ongi tabernako terraza eta Jesusen Bihotza eliza arteko gunean. Lanek irauten duten bitartean mantenduko diren behin behineko aparkaleku horiek gaur margotuko dira. Era berean, Aita Mortara ingurua husteko seinalizazioa ere gaur jarriko da, bihar, garabia muntatzeko lanak segurtasunez egiteko.

  Itziar Zelaia arkitektoaren proiektuaren arabera egingo diren eraberritze lanok burutzeko 828.403 euroko aurrekontua eta 12 hilabeteko epea finkatu zuen Udalak. Bi enpresa aurkeztu ziren lizitazio prozesura eta Ugarte eraikuntzak egindako proposamenak lortu zuen puntuaziorik altuena, bereziki, aurkeztutako memoria teknikoari eta eskaintza ekonomikoari esker. Lanak, 745.256 eurotan kontratatu dira, hasieran aurreikusitakoa baino ia 83.000 euro merkeago, eta exekuzio epea ere murriztu da bederatzi hilabete eta erdira. Era berean, berme epea 6 urtera luzatzea proposatu du eraikuntza enpresak.

Iturria: Oñati Irratia

 

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!