Oñatiko udala

UEMAko udalerrietan 10 osasun langiletik hiruk ez daukate euskara maila egiaztatuta

2023/06/14
Card image cap
Oñatin ere hala gertatzen da

  UEMAk bi urtean behin egin ohi du bazkide dituen udalerrietako biztanleei zuzendutako osasun zerbitzuen behaketa. UEMAko kide diren 101 udalerrietako osasun zerbitzu publikoetan diharduten langileen datuak jaso eta aztertzen ditu, erabiltzaile euskaldunen hizkuntza eskubideak zenbateraino bermatzen diren neurtuz. Kaleratu berri den ikerketaren arabera ez da aurrerapauso esanguratsurik izan eta hizkuntza eskakizunak egituraz urratzen dira oraindik. Pediatrian dagoen hutsunea bereziki azpimarratu da UEMAren txostenean. Oñatin ere hala gertatzen da.

  UEMAk astean argitaratu duen txostenaren arabera Oñatiko osasun zentroan 24 langile daude, administrariak, erizainak, erizain laguntzaileak, emagina, pediatrak eta familia medikuak kontuan hartuta. 24 horietatik zazpik ez dute egiaztatu postuari dagokion hizkuntza eskakizuna, bi, familia medikuak dira, beste bi pediatrak, Oñatin dauden biak, eta beste hiru administrariak. Baina aipagarria da anbulatorioko gainontzeko 17 langilek dagokien maila agiri bidez egiaztatuta dutela eta 11k gainera, eskatutakoa baino hizkuntza eskakizun altuagoa dutela. Orain bi urteko datuekin alderatuta, hiru langile gehiago dira hizkuntza eskakizuna egiaztatu gabe dutena egun, eta tartean herriko bi pediatrak daude. Garrantzitsua da puntu hau Oñatin pediatra euskaldunik ez zegoela salatu baitzuen UEMAk orain urte batzuk, 2021ean, maila bazuten bi profesional zeuden baina egun ez da baldintza hori betetzen, langileen alternantzia handiaren ondorioz. Horrek ez du esanahi Oñatin dauden pediatrek euskaraz ez dakitenik, lanpostuari dagokion maila egiaztatu gabe dutela baizik.

  Udalerri Euskaldunen Mankomunitateak Hego Euskal Herriko 101 udalerri biltzen ditu une honetan, tartean, Nafarroako hainbat udalerri. Emaitzetan berezitu egin dira Osakidetza eta Osasunbidea zerbitzu publikoak, egoera oso ezberdina baita batean zein bestean, UEMAren arabera. Osakidetza sareko osasun etxeetako langileen % 19ak euskara maila egiaztatu gabe dauka, Osasunbidean, % 75ek. Proportzioa handiagotu egiten da, larrialdi zerbitzu eta ospitaletan.

  UEMAko kide diren udalerrietako 64 osasun etxe eta larrialdi zerbitzu, UEMAko herriei arreta ematen dieten 25 osasun zentro eta erreferentziako 11 ospitale aztertu dira, tartean, Oñatiko osasun etxea eta Arrasateko ospitalea. Orokorrean, ez da eboluziorik sumatu 2021ean egin zen aurreko azterketatik hona, UEMAk jakinarazi duenez. Oñatira begiratuta, antzerako datuak jaso dira eta pediatren hutsunea azpimarratu da.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!