Udazken-neguko Azken Txanpa azoka antolatu da bihar-etzirako

Azken txanpa outlet azokan parte hartuko duten merkatari gehienak Txandako kide dira baina badira ekimenera batu diren beste komertzio batzuk ere. Dendetara gerturatzen den orok deskontu eta eskaintza bereziez gozatzeko aukera izango du, emakume, gizon eta haur modan, lentzerian, mertzerian, osagarrietan, oinetakoetan, etxeko apaingarri, optika eta bestelakoetan. Azken txanpa outlet azokan parte hartuko dute: Marku, Sillero, Iramira, Mendizabal kirolak, Ane mertzeria, Ennea 16, Itziar optika, Haritza, Maibi, Luar, NI, Kuttun, Bellotza, Hirukar, Amets-Berezao, Arkauz optika eta Urrutia gizonak. Azken orduan besteren bat ere animatu daiteke.
Aurreko urteetan bezala beherapen bereziko produktuen erakusketak denda atarietan jarriko dira. Eta erdiguneko kale komertzialetatik aparte dauden zenbait merkatarik, kale Barria aldera ekarriko dituzte eskaintza berezian dituzten produktuak.
Dendariek, orokorrean, lokal aurrealdera aterako dituzte udazken-neguko azken produktuak, esan bezala. Larunbaterako bereziki euria iragarrita dago eta jaima moduko estalkiak jarriko dira, seguruenera. Promozio produktuak kalearen ezker-eskuman jarriko dira zenbait lekutan, kalea estutuz. Oinezkoen kaleetan arazorik sortu ez dadin, kale Barria eta kale Zaharra trafikorako itxita mantenduko dira, bihar eta etzi. Ez da motordun ibilgailurik pasako, ezta zama lanak egiteko ere. Horrela, ikusle-erosleak eta baita saltzaileak ere lasaiago ibili ahal izango dira erdiguneko bi kale nagusi horretan. Baina, gogoan hartu, Azken txanpako eskaintzak, Bidebarrietan, Etxaluzen, Lazarraga kalean nahiz San Lorentzon ere topatuko direla.
Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera
Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!