Udaltzaingorako ibilgailu berria erosteko prozesua berriro abiatu du Udalak
Autoak bete beharreko ezaugarri teknikoak eta proposamenak baloratzeko irizpideak pitin bat aldatuta abiatu da berriro udaltzaingorako %100 elektrikoa den ibilgailua hornitzeko prozedura. Eskuratu nahi den ibilgailua berria edo 0 kilometrokoa izatea, guztiz elektrikoa eta 110 kWko gutxieneko ponentzia duena eskatzen da. Ibilgailuaren gutxieneko autonomia muga ere zehaztu da, 360 km, eta kolorez zuria izan beharko da, inolako intsignia edo logotiporik gabea baina hornitze unean, Oñatiko udaltzaingoaren errotulazioa eta anagramak jarrita izan beharko ditu. Beste ezaugarri tekniko batzuk ere zehaztu dira baina guztiak ikusgai daude udalaren web orriko Kontratatzailearen profila atalean.
Ibilgailu berriaren gehienezko prezioa ere mugatu da: 45.000 euro BEZa, matrikula gastuak eta garraioa barne. Horren pareko edo merkeagoak diren eskaintzak aurkezteko data berria, abenduaren 16a da. Lizitazioaren irizpide nagusia eskaintza ekonomikoa izango da baina aurreko deialdiko puntu kopurua murriztu da, 65era jaitsiz. Berme epea hiru urtetik gora luzatzea, zerbitzu teknikoaren hurbiltasuna, ibilgailuaren gutxieneko autonomia muga zabaltzea, potentzia handitzea eta ibilgailua stockean edukitzea ere baloratuko da, guztira 35 puntu gehiago emanez.
Behin esleipena eginda, ibilgailua hornitzeko 120 eguneko epea finkatu da. Ordainketa bakarra egingo du Udalak, ibilgailua entregatu ondoren. Udaltzaingorako ibilgailu berria erostea premiazkoa da Udalarentzat, une honetan ibilgailu bakarra baitute, matxura handi bat izan ondoren, 12 urte zituen Toyota markako ibilgailua erretiratu baitzen.
Iturria: Oñati Irratia
Harpidetu boletinera
Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!