Udaltzaingorako ibilgailu berri bat erosi nahi du Udalak
Udaltzaingoak erabiltzen zuen Toyota Prius markako ibilgailua ordezkatzeko premia dago. Aipatu ibilgailua 2012an eroki zen eta apirilean matxura garrantzitsua izan zuen. Auto hori kendu eta berri bat eskuratzea egokia zela ikusi zen eta beharrezkoa den hornitze prozedura abiatu da. EAEko Jasangarritasun Energetikoari buruzko 2019ko legearen arabera, euskal administrazio publikoek erosten dituzten ibilgailuek erregai alternatiboak erabili behar dituzte eta halako baten bila hasi dira udal arduradunak: %100 elektrikoa den ibilgailu baten bila.
Ibilgailu berria edo 0 kilometrokoa eskuratu nahi da, guztiz elektrikoa eta 110 kWko gutxieneko ponentzia duena. Ibilgailuaren gutxieneko autonomia muga ere zehaztu da, 400 km, eta kolorez zuria izan beharko da, inolako intsignia edo logotiporik gabea. Beste ezaugarri tekniko batzuk ere zehaztu dira baina guztiak ikusgai daude udalaren web orriko “Kontratatzailearen profila” atalean.
Ibilgailu berriaren gehienezko prezioa ere mugatu da: 37.191 euro (+BEZa). Horren pareko edo merkeagoak diren eskaintzak aurkezteko azken eguna urriaren 23a izango da. Lizitazioaren irizpide nagusia eskaintza ekonomikoa izango da, 70 puntu emango baititu. Berme epea hiru urtetik gora luzatzea, zerbitzu teknikoaren hurbiltasuna, ibilgailuaren gutxieneko autonomia muga zabaltzea eta kontsumoa murriztea ere baloratuko da, guztira 30 puntu gehiago emanez.
Behin esleipena eginda, ibilgailua hornitzeko 120 eguneko epea finkatu da. Izan ere, udaltzaingoak ibilgailu bakarra baitu egun, aipatu Toyota erretiratu ondoren.
Iturria: Oñati Irratia
Harpidetu boletinera
Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!