Udaltzaingo zerbitzua indartu eta luzatu egingo da jai asteburutan
Jaietan zaintza eta arreta zerbitzua indartu egingo du udaltzaingoak, azken urteetan egin bezala. Bihar, etzi eta astelehenean zaintza berezia beteko da eta zerbitzua gaueko 2:30ak arte luzatuko da. Egunero hiru udaltzain egongo dira lanean eta bihar, 22:00etan beste bi batuko zaizkie zerbitzura. Datorren astebururako ere plangintza paretsua prestatu da, nahiz eta Herri Egunean eguneko zaintza areagotu eta 6 udaltzain arituko diren lanean. Gaueko zerbitzua ere indartuko da, bihar bezala. Jaixetan kalean jende asko biltzen dela jakinik poltsekin, karterekin eta sakelako telefonoekin kontuz ibiltzeko gomendioa egin da udaltzaingotik.
Eraso sexistei aurre egiteko zerbitzua ere indartu egin da eta telefono bidezko arreta, aurrez aurreko puntua hiru egunetan jarrita osatu da, bihar eta hurrengo asteburuan, Herri Egunean eta Errosaixo Bixamon egunean. Aurrez aurreko arreta Gaztelekuan emango da; bihar eta urriaren 7an, arratsaldeko 20:00etatik hurrengo eguneko goizeko 8:00etara beteko da eta Herri Egunean berriz, 13:00etan hasiko da. Txosnagunean ere era guztietako erasoei aurre egiteko protokoloa prestatu dute eta gaur bertan jarriko da martxan, gunea irekitzearekin batera. Eraso sexisten inguruan eskaera konkretu bat egin zuen Izaro Elorza alkateak jai egitaraua aurkezterakoan, alegia, laguntza behar ala ez, eraso guztien berri ematea, erregistratuta geratu daitezen.
Era berean, eta segurtasunaz eta zaintzaz ari garelarik, gogoratu, astelehen arratsaldean sokamuturra izango dela, plazan eta kale Barria eta Atzeko kale inguruetan. Bi kale horietako bizilagunentzat kontuz ibiltzeko oharrak jarri dira atarietan. 16 urtetik beherakoek ezin dute sokamuturretan parte hartu eta burladeroak, zezenetan daudenen babeserako direla eta ez ikusleentzako kontutan hartzea eskatu da.
Atzoko Osoko Bilkuraren amaieran, jaixak ondo baina errespetuz ospatzera gonbidatu gintuen Izaro Elorza alkateak, Udalaren izenean.
Iturria: Oñati Irratia
Harpidetu boletinera
Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!