Oñatiko udala

Udaletxeko fatxadan “euskal presoak Euskal Herrira” dioen pankarta jartzeagatik udalaren kontrako errekurtsoa atzera bota du epaileak.

2014/05/28
Gobernu ordezkaritzak eta estatuko abokatuak jarri zuten udalaren aurkako errekurtso kontentziosoa.

  Orain urte eta erdi hasi zen auzia da hau. 2012ko irailean, Gobernu Ordezkaritzak eta Estatuko Abokatuak udalaren kontrako errekurtso kontentziosoa jarri zutenaren berria jaso zen udaletxean. Arrazoia, eraikinaren fatxadan “euskal presoak Euskal Herrira” zioen pankarta jarri izana.

  Gobernuaren ordezkariak aurkeztu zuen demandaren arabera, presoen eskubideen aldeko banderola jartzeak Konstituzioaren 103. artikulua eta toki erregimeneko legedia urratzen ditu, herri administrazioek bete beharko luketen neutraltasun eta objetibitate printzipioak hausten dituelako. Gainera, halako zapiek terrorismoaren biktimen duintasun eskubidea urratzen dutela ere eransten zen gobernu ordezkariaren demandan.

  2012ko urriaren 2ko Alkate Dekretuz, epaitegira bertaratzea erabaki zen. Orain, Donostiako Administrazioarekiko auzien epaitegiak emandako sententzia jaso da, udalaren aldeko sententzia.

  Idatzian, epaileak Udalari ematen dio arrazoia, errekurtsoan azaldutakoak behar bezala ez direla frogatu argudiatuta. Alegia, Estatuko Abokatuak ez duela frogatu Gobernuaren ordezkariak dioena. Gainera, banderola kentzeko Udalari aurrez ez zaiola inolako errekerimendurik egin ere eransten du sententzia idatziak.

  Epaileak erabakitakoaren kontra apelazio-helegitea jarri daiteke ordea, 15 eguneko epea ematen da horretarako.

  Udalaren aldeko sententzia emateaz gain, auziaren kostak Estatuko Abokatuak ordaindu beharko ditu.

 Iturria: Oñati irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!