Oñatiko udala

Udalekuetan begirale izateko 80 hautagai kontratatzea proposatu da

2024/05/15
Card image cap
Arte udaleku eta udaleku irekietako begiralegaien merituen behin betiko emaitzak argitaratu dira

  Ostiralean argitaratu ziren Udalak antolatu dituen udaleku ireki eta arte udalekuetarako begiraleen kontratazio proposamenak. Aurrez zehaztu ziren merituen puntuazioaren araberako zerrendak jarraitu dira hautagaiak aukeratzeko, beti ere, ekintza bakoitzean izena eman duen haur eta nerabe kopuruaren arabera.

  Arte udalekuetan 9 lagunek eman dute izena eta guztiak onartu dira, zozketarik egin gabe. Ahalegin berezia egin da guztiei lekua egiteko, baita pertsonal arlotik begiratuta ere. 9 begirale kontratatu nahi ziren eta beste horrenbeste hautagairen merituen puntuazioa kaleratu da baina batek uko egin duela ere zehazten da zerrendan, ondorioz, gainontzeko 8ak kontratatzea proposatu zaio udalari. Ekainaren 24tik uztailaren 26ra kontratatuko dira eta prestaketarako eta azken baloraziorako bilera eta lan-orduak ere sartuko dira.

  Gehiago dira, 534 haur, hain zuzen ere, udaleku irekietan parte hartuko dutenak eta hauen beharrak erantzuteko 72 begirale kontratatuko ditu Udalak, ekainaren 24tik uztailaren 26ra. Hauei ere jardun erdiko kontratua egingo zaie. Udaleko web atarian argitaratu den merituen puntuazio zerrendaren arabera, lehenengo 15 hautagaiei zaintza zerbitzuan aritzea proposatuko zaie. Lanera lehenago sartuko dira eta horren araberako soldata gehigarria jasoko dute. Baina kontratuak sinatu aurretik ekainaren 8an eta 15ean izango diren prestakuntza saioetara joan beharko dute, lanpostu deialdian zehaztu zenez.

  Udako kirol kanpainaren kasuan, hautaketa prozesua pitin bat atzeratuago doa eta ez da kontratazio proposamenik egin oraindik. Kirol begiraleen onartu eta baztertuen zerrendak pasa den astean argitaratu ziren eta aurkeztu diren 22 lagunak onartu dituzte. Herriko gazte askorentzat lehen kontratua izaten da Udalak aisialdi ekintzak aurrera eraman ahal izateko egin eta udan diru apur bat irabazteko bidea ematen diena.

Iturria: Oñati Irratia

 

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!