Udaleku irekietan eta arte udalekuetan izena emateko epea hasi da gaur, martxoaren 15era arte
Haur eta gaztetxoentzako udako aisialdi eskaintza prest du Udalak. Kirol zerbitzuek antolatzen duten Udako Kirol Kanpainaren berri ematen duten esku-orriak gaur banatuko dira ikastetxeetan eta izen-ematea datorren astean irekiko da. Gaur berriz, udaleku irekietan eta arte udalekuetan izena emateko epea hasi da, martxoaren 15era arte. Izena emateko bide bakarra online da, udaleko webgunean sartuta.
Udaleku irekiak eta arte udalekuak ere ekainaren 24tik uztailaren 19ra luzatuko dira, goizeko10:00etatik 13:00etara. Udaleku irekiak 2012-2020 urteen artean jaiotako haurrei zuzenduta daude. Zaintza zerbitzua ere eskainiko da, 8:15etatik 10:00etara. Eltzia eta beste gune batzuk izango dira topalekua aurten udaleku irekietan parte hartzen duten neska-mutikoentzat. Arte udalekuak berriz, Gaztelekuan egingo dira. LH3 eta DBH3 arteko gaztetxoei zuzenduta daude eta marrazkigintza, eskultura, margolaritza eta beste arte adierazpen batzuk landuko dituzte. Plazak mugatuak dira eta, beharrezkoa bada, zozketa egingo da izen-ematea amaitu ondorengo astean. Plaza lortzen ez dutenek udaleku irekietan parte hartzeko aukera izango dute.
Udaleku irekietan edo arte udalekuetan izen-ematea online egin behar da, udaleko webgunean sartuta. Aurrez, dagokion matrikula ordaindu behar da, eta ordainagiria izen-emate eskariari erantsi behar zaio, haurraren tutore baten NANaren kopiarekin batera. Matrikula 74,88 euro izango da haur bakarra denean, 64,48 bigarrenaren kasuan, 54,08euro hirugarrenarena eta doan, laugarrenetik aurrera. Udaleku irekietan izena emateko laguntza behar duten gurasoek Txaloka ludotekara jo dezakete, astelehen, astearte edo asteazken goizez, izena emateko bi aste hauetan.
Gaur ireki da, baita ere, bi aisialdi ekintza hauetan begirale izan nahi dutenentzat izen-ematea, matxoaren 15era arte.
Iturria: Oñati Irratia
Harpidetu boletinera
Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!