Udaleku irekietan eta Arte udalekuetan begirale izateko izen-ematea irekita dago

Udaleku irekietan begirale aritzeko, 16 urte beteta izan behar dira, eskola-graduatua edo parekoaren jabe izatea eta 2. hizkuntza eskakizunaren pareko euskara maila izatea eskatzen da. Arte udalekuetarako, Arte Ederretako graduaren lehenengo bi ikasturteak gaindituta izatea eta 3. hizkuntza eskakizunaren pareko euskara ezagutza izatea eskatzen da. Bi kasuetan, gainera, sexu delitugileen erregistro zentraleko agiri negatiboa izatea eskatzen da. Bete beharreko oinarrizko baldintzez gain, formazio akademiko osagarria, aisialdiko monitore titulazioa, eskatutakoaren gainetik dagoen euskara maila ziurtatzea eta lan esperientzia baloratu egingo dira. Informazioa, udaleko web atarian zintzilikatuta dago eta gaurdanik jada izena eman daiteke, udaleko zerbitzu telematikoaren bidez edo aurrez aurre, HAZ bulegora joanda. Izena emateko azken eguna martxoaren 28a izango da.
Eskaera eredua betetzerakoan kontrakorik adierazten ez bada, udalaren esku utziko da nortasun agiria, eskatzen diren titulu ofizialak, hizkuntza eskakizunak, sexu delitugileen erregistro zentraleko agiri negatiboa eta lan bizitza egiaztatzea. Baimen hori ematen ez dutenek hala adierazi beharko dute eskaera orrian eta agiriak aurkeztu beharko dituzte. Merituen atalean azaltzen direnak ere agiri bidez egiaztatu beharko dituzte hautagai guztiek.
Udaleku irekietarako hautatutakoek ekainaren 7an eta 14an egingo diren prestakuntza saioetara joan beharko dute eta arte udalekuetan arituko direnek ere prestakuntza eta balorazio bilerak izango dituzte. Horien ordaina kontratuan sartuko da. Izan ere, Udalak hilabete pasatxoko lan kontratua egingo baitie hautatutako begiraleei. Baina zorroztu egin da udaleku irekietako hautagaien uko egitea. Azken urteetan arazo bihurtu da udalekuak hasteko puntuan zenbait begiralegaik uko egiten diotela, horregatik, zigorra jartzeko aukera jaso da aurtengo deialdian; udalekuak hasi aurreko 15 egunetan uko egiten duten hautagaiei penalizazio bat jarri dakieke hurrengo urteko puntuazioan. Baina xehetasun guztiak, udaleko web atarian zintzilikatuta dauden oinarrietan jaso dira.
Haur eta Gaztedia udal departamentuak antolatu ohi dituen udaleku irekiak eta arte udalekuak goizeko aisialdi ekintzak dira, 10:00etatik 13:00etara, astelehenetik ostiralera. Udaleku irekiak 4-12 urte bitarteko haurrei zuzenduta daude eta arte udalekuak, Lehen Hezkuntzako 4. mailatik DBH 3. mailara arteko haur eta gazteei. Hauentzat ere gaur ireki da izen-ematea eta eskaera horren arabera erabakiko da zenbat begirale kontratatuko diren.
Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera
Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!