Udaleku irekietan begirale izateko onartu eta baztertuen behin behineko zerrenda argitaratu da
133 lagunek eman zuten izena udaleku irekietan begirale izateko eta gehienak, 130, onartu dira. Onartu eta baztertuen behin behineko zerrendak gaur goizean argitaratu dira udaleko web atarian. Aldi berean, eskatutako euskara maila agiri bidez egiaztatu dutenen datua ere ematen da zerrendan. Behin behinean onartu direnen artean 16k ez dute B2 maila dutela egiaztatu. Baina aipatutako zerrendak behin behinekoak dira. Zerrendak argitaratzearekin batera, zuzenketa edo erreklamazioetarako epea zabaldu du udalak, datorren astelehenera arte, apirilaren 15era arte. Beraz, prozesutik kanpo utzi diren hiru hautagaiek edo euskara maila egiaztatu ez dutenek, dokumentazioa osatzeko aukera dute oraindik. Hurrengo urratsa, onartu eta baztertuen behin betiko zerrendak eta merezimenduen araberako puntuazioak argitaratzea izango da.
Udaleku irekietako begiralegaiek bi prestakuntza-saiotara joan beharko dute, ekainaren 8an eta 15ean. Gero, hautatutakoei, kontratua egingo zaie ekainaren 24tik uztailaren 26ra arte, nahiz eta udalekuak berez, 19an amaituko diren. Aurtengo udalekuetarako 534 haurrek eman dute izena.
Iturria: Oñati Irratia
Harpidetu boletinera
Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!