Udaleko Kultura departamentuaren 2024ko dirulaguntzak likidatzeko erabakia hartu da
2024a amaitu aurretik, pasa den asteko Tokiko Gobernu Batzarrean onartu zen Kultura departamentuak eman ohi dituen bi dirulaguntza lerroen likidazioa egitea. Maiatzean onartu ziren dirulaguntzen bigarren zatia ordaintzeari argi berdea eman zaio, azaroaren 30a bitartean aurkeztutako memoriak aztertu ondoren.
Kultur talde eta elkarteen urteko programetarako dirulaguntzen atalean, 19 eskaera onartu ziren. Atal honetan laguntza handienak Oñatz dantza taldeak, Oñatiko Ganbara abesbatzak, Ganbara kantu eskolak eta Hots abesbatzak jaso dituzte. Ilunpetan argazkizaleen taldeak, Txinparta bertso eskolak, Lizargarate trikitizale taldeak, Oñatiko margo taldeak, Irazan antzerki guneak, Algaraz ikuskizun elkarteak, Debagoieneko antzerki Plataformak, Oñati abesbatzak, Zinzelkatzaileak elkarteak, Aequus Ensemble orkestrak, Laburmetraien rallyak, Nabarralde elkarteak, Arantzazuko adiskideak eta San Martin auzoko jai elkarteak eta Zubillagako Bizilagunen elkarteak ere udalaren babes ekonomikoa jaso dute.
Sormen lanetarako dirulaguntzen atalean 14 eskaera jaso eta onartu ziren baina bat atzera bota da, ez baita gauzatu. Ramada Inn-ek lan berria grabatzeko asmoa azaldu zuen udaberrian baina egin ez duenez, maiatzean jasotako dirulaguntzaren lehen zatia itzuli beharko du. Keia, Larru beltzak, Ganbara kantu eskolak eta beste laugarren talde batek disko grabaketa egin dute, Lee-korek eta Mila Moduk bideoklipak eta beste hainbat eragilek liburuak, fanzineak edo liburuxkak argitaratu dituzte. Guztiek Kultura departamenduaren dirulaguntza jaso dute eta orain, laguntzaren bigarren zatia, %40a ordainduko zaie, guztira, 37.390 euro banatuz.
Iturria: Oñati Irratia
Harpidetu boletinera
Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!