Oñatiko udala

Udaleko Kultura departamentuaren 2023ko dirulaguntzak likidatzeko erabakia hartu da

2024/01/11
Card image cap
Udalaren dirulaguntzaz argitaratu den lanetako bat
Ia 38.000 euro bideratuko dira bigarren zatiaren ordainketara

  2023a amaitu aurretik, abenduaren 14ko Tokiko Gobernu Batzarrean onartu zen Kultura departamentuak eman ohi dituen bi dirulaguntza lerroen likidazioa egitea. Maiatzaren 25ean onartu ziren dirulaguntzen bigarren zatia ordaintzeari argi berdea eman zaio, azaroaren 30a bitartean aurkeztutako memoriak aztertu ondoren.

  Kultur talde eta elkarteen urteko programetarako dirulaguntzen atalean, 16 eskaera onartu ziren. Atal honetan laguntza handienak Oñatiko Ganbara abesbatzak, Oñatz dantza taldeak, Ganbara kantu eskolak eta Hots abesbatzak jaso dituzte. Ilunpetan argazkizaleen taldeak, Txinparta bertso eskolak, Lizargarate trikitizale taldeak, Oñatiko margo taldeak, Irazan antzerki guneak, Algaraz ikuskizun elkarteak, Zinzelkatzaileak elkarteak, Aequus Ensemble orkestrak, Laburmetraien rallyak, Nabarralde elkarteak eta San Martin auzoak ere udalaren babes ekonomikoa jaso dute.

  Sormen lanetarako dirulaguntzen atalean 18 eskaera jaso ziren baina lau, beste lerro eta departamentuetatik bideratu ziren, ondorioz, 14 onartu ziren. Lee-kore, Txuletons, Mila modu eta Lizartxo taldeek abesti eta disko grabaketetarako udalaren dirulaguntza jaso dute eta baita Hots abesbatzak eta Ganbara Kantu eskolak musikarekin zer-ikusia duten beste bi proiektu konkretu gauzatzeko. Subversion X taldearen letrak euskaratzeko, euskara-sherpera hiztegia ontzeko eta Gure katona liburuxka egokitzeko, Ander Lizarraldek, Felipe Uriartek eta Roberto Altunak ere udalaren diru babesa jaso dute. Hortensia Alcalaren Lontananza liburua, Ixabel Agirresaorberen Larrumarruak haur liburua, Bira kooperatibaren bost bide dokumentala, eta Martin Ttipia kultur elkartearen Gebarako gaztelua dokumentala ere babestu da. Oñatz eta Ilunpetan elkarteek argazki bilduma-erakusketa proiektua burutu dute eta hori ere diruz lagundu da.

  Lizartxo taldeak aurkeztu duen likidazioan ez da dirulaguntza guztia justifikatzera iritsi eta, ondorioz, bigarren zatiaren ordainketan ez du dirurik jasoko. Gainontzekoei, onartutako dirulaguntzaren % 40a ordainduko zaie, guztira, 37.812 euro.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!