Oñatiko udala

Udaleko kultura departamentuak Olentzero eta Errege Kabalgata antolatzeko deialdia kaleratu du.

2013/11/06
Udalak, baliabide materialak eta ekonomikoak jarriko ditu ekitaldien antolatzaileen esku.

  Martiñola taldea arduratu da azken 25 urteetan Gabonetako bi ekitaldi berezi horiek antolatzeaz, hau da, abenduaren 24an Olentzeroren etorrera eta urtarrilaren 5ean Erregeen kabalgata antolatzeaz.

  Pasa den urtarrilean jada, ardura hori utzi eta erreleboa beste batzuei emateko asmoa azaldu zuen taldeak. Baina azaroaren 6ean gauden honetan ez da ordezko talderik agertu. Horretxegatik, udaleko kultura departamentuak deialdi publiko eta irekia egitea erabaki du.

  Helburua, esan bezala, Olentzero eta Erregeen Kabalgata antolatzeaz arduratuko litzatekeen taldea edo taldeak topatzea da. Udalak, orain arte egin duen bezala, ekintzak aurrera eramateko baliabide material eta ekonomikoak jarriko lituzkeelarik antolatzaileen esku.

  Interesa duten taldeek azaroaren 19ra arteko epea dute izena kultur etxean emateko. Bide batez, argibideren bat nahiko balute, kultur etxera jo beharko lukete horretarako. Proposamen bat baino gehiago aurkeztu daitekeela gogoan, horiek aztertu eta proposamen egokiena zein den aukeratzeko ahalbidea Kultura Batzordeak izango du. Halaxe zehazten da behintzat, udaleko kultura departamentutik jaso dugun oharrean.

  Olentzeroren etorrera edota Errege Kabalgata, bi ekitaldiak edo bakarra antolatzeko interesa duenak beraz, izena, azaroaren 19rako kultur etxean eman beharko du.

Iturria: Oñati irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!