Oñatiko udala

Udaleko Gizarte Zerbitzuak Bidebarrietako bulegoetara itzuliko dira astelehenean

2023/05/31
Card image cap
Zerbitzua itxita egongo da bihar eta etzi, leku aldaketa egiteko

  Bulegoak berritzeko lanak amaituta, Gizarte Zerbitzuak Bidebarrieta kaleko 10-12an irekiko dira berriz ekainaren 5ean, astelehenean. Espazioari etekin handiagoa ateratzea, bulegoetako argitasuna, aireztapena eta klimatizazioa optimizatzea eta, bereziki, herritarrekiko arreta zerbitzuan diskrezioa eta pribatutasuna bermatzea dira Bidebarrietako lokalean egin diren berritze lanen helburuak.

  Sarrera gunea berrantolatu da. Itxaron gela bat egokitu da eta beirazko ate automatikoak jarri dira espazio ezberdinak bereizteko: itxaron gela, harrera gunea eta gizarte langileen bulegoak. Bulegoen arteko banaketak eta barrualdera ematen duten hormak kristalezkoak dira orain, eta horri esker, argi natural gehiago sartzen da. Aireztapen eta klimatizazio sistemak berritu dituzte eta isolamendua hobetu, energia kontsumoa murrizteko. Lanek 283.163 euroko aurrekontua izan dute.

  Hilabeteetan Ramon Irizar kalean erabili diren behin behineko bulegoak gaur itxi dira eta zerbitzua, Bidebarrietan, astelehenean irekiko da berriro. Bitartean, bihar eta etzi, leku aldaketa burutuko da. Udaleko Gizarte Zerbitzuak Bidebarrieta kalera itzuliko dira baina funtzionamenduan ez da aldaketarik izango eta bertaratu nahi dutenek hitzordua eskatu beharko dute (943 037 700).

  Udaleko Gizarte Zerbitzu departamentuan sei langile daude une honetan: zerbitzuaren arduraduna, lau gizarte langile eta administraria.

Iturria:Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!