Oñatiko udala

Udaleko Gazteria departamentuak 14.000 euro pasako diru laguntza jasoko du Foru Aldunditik

2015/06/30
Card image cap
Hirugarren urtea da, gazteria arloko plangintza zehaztu eta kudeaketa elkarrekin adosten dutela

  Oñatiko Udalak eta Foru Aldundiak gazteria arloan duten elkarlan konpromisoa maila altuenean kokatzen da eta bi erakundeen arteko harremana lankidetza moduan kalifikatzen da. Hala, atzo publiko egin ziren diru laguntzen banaketan, Oñati, haur, nerabe eta gazteria sustatzeko arloaren garapenerako udal planak garatzeko lankidetza taulan azaltzen da, Donostia, Hernani, Ordizia eta Zizurkilgo udalekin batera, besteak beste.

  Oñatiko Udalak, 14.223 euroko diru laguntza jasoko du aurten Foru Aldunditik. Dirua, martxan den gazteria plangintza osatzen jarraitzera, ekipamenduen mantentzera eta gazte lokalen arloan egindako lana zabaltzera bideratuko da.

  Gazte lokalen inguruko partaidetza prozesua da Gazteria udal departamentuak azken hilabeteotan gauzatu duen egitasmo nagusietako bat. Horretarako, Foru Aldundiaren babesa izan du. Gazte lokalen gaia aztertu eta elkarbizitzarako hausnarketa prozesuan, lokalen erabiltzaileak, jabeak, gurasoak eta bizilagunek parte hartu dute. Sei hilabetez luzatu den prozesu honen haritik, Udalak onartzearen zain dagoen araudi bat eta aholku gida bat prestatu dira. Legealdi amaierak tartean harrapatuta, gazte lokalen inguruko araudia udal gobernu talde berriaren mahai gainean dago. Aste honetan bertan, ostegunean egingo den Osoko Bilkura berezian, udal batzordeak eratuko dira eta hauek martxan jartzearekin batera, onartzeko proposatuko den lehen gaietako bat da aipatu arautegia. Behin udalaren onespen-tramitea beteta, publikoki aurkeztuko da. Prozesuan parte hartu duten alde guztiak gonbidatuz egingo den aurkezpenekoa uztaila erdialdean edo, gauzatu asmo da.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!