Udalbatzak aho batez onartu ditu 2023ko aurrekontuak
Aho batez, EH Bilduren eta EAJren aldeko botoz, onartu zituen udalbatzak agintaldiko azken aurrekontuak, atzo iluntzean egindako Osoko Bilkuran. Guztira, 20.945.070 euroko aurrekontua izango du Udalak 2023an, aurtengoa baino %11,2 handiagoa. Inbertsioetara 2.944.413 euro bideratuko dira eta 1,9 milioi euroko aurrezki arrunt positiboa izango luke, Izaro Elorza alkateak zehazten duenez. Aurrezki arrunt positibo horretan azpimarra jarri zuen beste behin udaleko kontu hartzaileak aurrekontuen irakurketa teknikoa egin zuenean.
2023ko udal aurrekontuetan jaso diren hainbat egitasmo aipatu zituzten Izaro Elorza alkateak eta Xabier Igartua Sozioekonomia batzorde buruak atalez atal. Egitasmo berrien artean aipatu dira: gaztetxoen buruhandi eta erraldoi konpartsa eratzeko aukera, gaztetxoen artean euskararen erabilera sustatzeko diru partida, kiroldegiko kantxa urdineko teilatua konpontzea, turismo bulegoa Sancti Spiritus unibertsitatera aldatu eta unibertsitatean bertan formazio eta ikasketa gelak egokitzea, Kale Zaharra, Aita Madina eta Otadui zuhaiztiko irisgarritasuna hobetzeko planak, aparkamendu disuasorio bat sortzeko leku azterketa eta Olakuako putzurako exekuzio proiektua jaso dira, besteak beste. Azokagunea eraberritzeko proiektua egitea, Alzheimerra dutenentzat programa sortu, eguneko zentro arina abiaraztea eta energia jasangarritasunari lotutako inbertsioetarako 250.000 euroko partida bereiztea ere jaso da 2023ko aurrekontetan.
Xabier Igartua pozik azaldu zen, aurrekontu orekatuak direlako, zerbitzu publikoan indartzeko eta zaurgarrienen alde egiteko bidea emango duten aurrekontuak direlako eta oposizioaren babesa lortu duten aurrekontuak direlako. Babes hori, besteak beste, jeltzaleen hiru proposamen aurrekontuetan txertatu direlako eman du EAJk: musika eskolan hobekuntza lanak egiteko, genero indarkeria gazteekin lantzen sakontzeko eta tokiko merkataritza sustatzeko. Guztira 90.000 euroko partidak txertatu dira. Hiru proposamen konkretu horiek ez ezik, urteetan egindako beste batzuk 2023ko udal aurrekontuetan jaso izanagatik pozik agertu ziren jeltzaleak, oposizio lana oñatiarren beharren alde modu proaktiboak egiten dutela esanez.
Aho batez onartutako aurrekontuen izaera soziala azpimarratu zuen Osoko Bilkuran Izaro Elorza alkateak. Lehen aldia izan da amaitzear dagoen legealdian gobernu taldeak eta oposizioak bat egin eta udal aurrekontuak aho batez babesten dituztela. Iaz, EAJk kontra bozkatu zuen eta aurreko bi urteetan abstenitu egin zen.
Iturria: Oñati Irratia
Harpidetu boletinera
Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!