Udalaren diru kutxan dago jada Next Generation Funtsetik lortutako laguntza
Udalak dagoeneko jaso du Europar Batasuneko Next Generation Funtsetik lortutako 2,16 milioi euroko laguntza. Orain, hari loturiko 9 proiektuak egikaritzen hastea dagokio.
Jasangarritasun Turistikoko Planetarako 2023ko ezohiko deialdiaren baitan lortu zituen zehazki Oñatiko Udalak Next Generation funtsaren dirulaguntzak, bederatzi proiektutarako: Emakumeen Etxearen eraberritzerako, 600.000 euro; Usakorako bide segurtasuna berma dadin Torreauzoko zubitik bidegorria egiteko eta Usakoko ingurune naturala hobetzeko, 769.000 euro; herrigunean disuasio aparkalekuak egiteko, 200.000 euro; Arantzazuko eta Araozko aparkalekuen kudeaketa automatizatzeko, 126.000 euro; herriko plazan dagoen azoka eta inguruak hobetzeko, 300.000 euro; komunikazio digitalerako, 90.000 euro; Jasangarritasun Turistikoko Lurralde Planaren kontrola eta kudeaketarako, 45.000 euro; eta turismo bitartekoen eskaintza eta garapenerako, 30.000 euro. Guztira, 2.160.000 euro, esan bezala.
Oñatik identitate propioa duela eta halaxe izaten jarraitu dezan, turismo iraunkor baten alde egitea beharrezkoa dela esan du Izaro Elorzak. Ahalegin horretan segitzeko Europatik iritsi berri den dirua bultzada garrantzitsua dela erantsi du alkateak.
Europako laguntza lerroek bi xede zituzten erdigunean: turismoa eraldatzeko eta berritzeko prozesuak ingurumenaren, gizartearen, ekonomiaren eta lurraldearen iraunkortasuna barnebiltzea, batetik, eta klima aldaketarekiko, osasun krisiekiko edota turismo eskari handiegiekiko erresilienteak diren turismo ekosistemak sortzea, bestetik.
Iturria: Oñati Irratia
Harpidetu boletinera
Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!