Udalak, Zubillaga auzoko 38an hutsik duen etxebizitza soziala alokairuan hartzeko eskaerarik ez da jaso oraindik udaletxeko bulegoetan.
Zubillaga auzoko 38an, lehenengo ezkerra den etxebizitza da udalak alokairuan eskaintzen duena. Izaera sozialeko etxebizitza izaki, diru sarrera urriak eta etxe premia duenari alokatzea da helburua.
Interesatuek oinarrizko bi baldintza bete behar dituzte: Oñatin erroldatuta eta bertan bizitzen gutxienez 5 urte badaramatzatela egiaztatu behar da eta horrezaz gain, eskatzaileen eta bizikidetza unitateko kideen urteko diru-sarrerak, lanbide arteko gutxieneko soldata baino 1,7 aldiz handiagoak ez direla ere agertu behar da.
Eskatzaile bakoitzaren gizarte eta familia egoera, orain arte izan duen bizilekuaren egoera, lan gaitasuna eta egoera ekonomikoa egiaztatu eta baloratuko dira eta aurrez zehaztuta dagoen baremazioaren arabera, puntu gehien lortzen dituen eskatzaileari alokatuko zaio udalak Zubillaga auzoko 38an duen etxebizitza hori. Alokairu prezioa berriz, maizter berriaren diru sarreren arabera zehaztuko da.
Orain arte, hainbat lagunek baldintzen inguruko informazio jaso dute udaletxeko bulegoetan baina eskaerarik ez dute aurkeztu. Gogoratu, horretarako epea, hilaren 26an, hau da, datorren astelehenean beteko dela.
Bete beharreko baldintzei buruzko argibideak udal bulegoetan eskuratu daitezke, esan bezala, eta eskaerak ere bertan aurkeztu behar dira.
Iturria: Oñati irratia
Harpidetu boletinera
Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!