Udalak, traktore berria eta desbroze lanetarako besoa erosi ditu.
Elur eta desbroze lanetarako traktorea erosteko erabakia pasa den iraila hasieran hartu zuen udal gobernu taldeak. Erosketa, publizitaterik gabeko prozedura negoziatuaz egitea ere erabaki zen. Baina erosketa, prozedura bakarrean gauzatu ordez bi hornidura esleipen jarri ziren martxan: traktorea erostekoa batetik, eta honi egokituko litzaiokeen beso desbrozatzailea eskuratzekoa bestetik.
Traktorea esleitzeko prozedurara hiru enpresa aurkeztu ziren arren, udalak bat kanpoan utzi zuen, eskainitakoa ez baitzen zehaztutako baldintzetara egokitzen. Hala, aurrera egin zuten bi proposamenetatik SEIKIN S.L. enpresak egindakoa aukeratu zen: eskaintza merkeena zen eta eskaintzen zen asistentzia teknikoa osatuagoa. Udalak erosiko duen traktorea MASSEY FERGUSON ESSENCIAL markakoa da. Honek duen kostua berriz, 42 mila euro gehi BEZa. Traktoreak 4 urteko bermea dauka eta konponketak egin beharko balitzaioke, enpresa hornitzaileak bi orduko “in situ” konponketak eta ibarreko tailer ofizialetan aste osoko asistentzia zerbitzua eskaini du.
Traktorea esleituta, honi egokituko litzaiokeen beso desbrozatzailea ere erosi du udalak. Kasu honetan lau enpresen proposamenak jaso ziren eta guztietan merkeena ez izanagatik, asistentzia tekniko eta hobekuntza proposamen egokiena aurkeztu zuen Fernando Maiztegirena onartu zuen kontratazio mahaiak. Honek, BEZa aparte, 26.200 euroko kostua duen beso desbrozatzailea salduko dio udalari baina 150 eurotan baloratutako laban joko oso bat jasoko du prezio horren barruan. Gainera, Oñatin kokatutako tailer ofizialaren asistentzia teknikoa eta “ins itu” konponketak eskaini ditu.
Traktore berri hau eta beso desbrozatzailea eskuratuta udalak orain arte kanpoko enpresa baten bidez egiten zituen bide bazterren desbroze lanak bere baliabidez egin ahal izango ditu. Horrek, orain arte urtean behin egin ohi zen belar mozketa sarriago egiteko aukera emango du. Gainera, aurrealdean pala bat egokituta, traktore berriak errepideetako elurra kentzeko bidea ere emango du.
Udalak, belarra moztu eta neguko lanetarako urtean 25.000 bat euro gastatzen zituela kontutan hartuta, egin berri duen erosketaren kostua, hiru bat urteren buruan amortizatuta geratuko da.
Iturria: Oñati irratia
Harpidetu boletinera
Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!