Udalak landa lurrak erosteko bigarren deialdia kaleratu du
Irailean abiatu zuen Udalak lursailak erosteko lehen prozedura. Eskaintza bakarra jaso da eta hartarako diru partidan 30.000 euro geratu direla ikusita, deialdi berria egitea erabaki da.
Udalerria zabala da baina eremu konkretu batean dauden lursailak eskuratu nahiko lituzke udalak: Aldakiño-Olapoto hiri basoarekin muga egiten dutenak, Legazpi-Antzuola-Bergara udalerrien arteko muga egiten duen mendilerroan kokatutakoak, erreken zaintza eremuan daudenak edota hegazti nekrofagoen interes bereziko eremu eta elikadurarako babes eremuan kokatzen direnak. Inguru horietan dauden lursailak, edo azaleraren erdia gutxienez aipatutako eremuetan dauden lursailen bat saltzeko duten jabeek aurkeztu dezakete proposamen edo eskaintza. Hori bai, udalak ordainduko lukeen gehienezko prezioa mugatu du, 2.000 €/Ha.
Lehiaketara aurkezten diren lursailak baloratzerakoan hiru irizpide nagusi hartuko dira kontutan: prezioa, lursailaren azalera eta udal jabegoko lursailekiko gertutasuna. Eskaintza ekonomiko merkeenak, azalera handienekoak eta udalaren lursailetatik hurbilen daudenak lehenetsiko dira.
Landa lurrak erosteko deialdi honen inguruko xehetasunak udal web atarian, kontratatzailearen profila atalean daude. Interesatuek abenduaren 27ko gauerdira arteko epea dute eskaintzak egiteko. Eskaintzak, paperean, udaleko HAZ bulegoan aurkeztu daitezke edo modu elektronikoan, udaleko web atariaren bitartez.
Bertako espezie, baso eta ekosistemen kontserbazioa indartu eta bioaniztasun galera gelditzeko politika sustatzea da udalaren helburua. Ingurumen balioak galtzeko arriskua izan dezaketen eremuak identifikatu eta kontserbaziorako ekintzak sustatzeaz gain, bestelako egurgintza eredu baten aldeko praktikak martxan jarri nahi ditu. Helburu horiek betetzeko lursail berriak eskuratu nahi ditu eta horretarako urteko bigarren deialdia egin berri du.
Aurreko prozesura eskaintza bakarra aurkeztu zen, Olabarrietan, Legazpiko udalerriko mugatik hurbil dauden bi lursail erostea proposatuz. Prozesua ez da amaitu, hainbat dokumentu osagarri eskatu baitzaizkie jabeei.
Iturria: Oñati Irratia
Harpidetu boletinera
Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!