Oñatiko udala

Informatika teknikaria eta igeltserotzako ofiziala kontratatu nahi ditu Udalak aldi baterako

2025/03/24
Card image cap
Lan eskaintzak Lanbideren bitartez zabaldu ditu eta izen-ematea bide beretik egin behar da

  Gaur amaitzen da, hain zuzen ere, informatika teknikari eta igeltserotzako ofizial lanpostuetara aurkezteko epea. Informatika teknikari lanpostura aurkezteko oinarrizko bi baldintza bete behar dira: informatikako ingeniaritzan edo baliokidea den formazio akademikoan unibertsitate gradu, lizentziatura edo diplomatura izan behar da eta euskarari dagokionez, C1, EGA maila. Igeltserotzako ofizial lanpostura aurkezteko berriz, Lanbide Heziketa I igeltserotzan, elektrizitatean edo baliokidea izatea eskatzen da, instalatzaile txartela, B motako gida baimena eta 2. HEren maila, euskarari dagokionean. Bi kasuetan postuarekin zerikusia duen formazio osagarria izatea, eta antzerako lanetan esperientzia izatea baloratu egingo da eta igeltserotza ofizial lanposturako, C motako gidabaimena eta 3. HEren maila izatea ere kontutan hartuko da.

  Udaleko informatika departamentua hankamotz dago une honetan eta teknikari bat kontratatzeko premia du Udalak. Horregatik, hautatutakoa lehenbailehen lanean hastea aurreikusten da. Igeltserotza arlo edo zerbitzuan berriz, lana pilatu egin da eta horri aurre egiteko igeltserotza ofiziala sei hilabeterako kontratatzea aurreikusten du udalak. Interesa dutenek Lanbideren web atarian topatuko dute aldi baterako bi lan deialdi hauei buruzko informazioa eta izena ere, atari horretatik bertatik eman behar da. Gaur da horretarako azken eguna.

  Bestalde, aste honetan errepikatuko dira kale garbiketako peoi eta peoi gidarien lanpostuak betetzeko gaitasun eta nortasun probak. Aurreko deialdian prozedura akatsa egon zen eta ondorioz, proba psikoteknikoak errepikatzea erabaki zuen epaimahaiak. Gaitasun eta nortasun probak ostiralean, martxoak 28, egingo dira, Eltzian.

  Test izaerako ariketa egin beharko dute lehenik. Ariketak bi atal izango ditu: gaitasun probari dagokion atalean, gaitasun intelektualari buruzko testa bete beharko dute hautagaiek eta lanpostuaren zereginetara egokitzeko ahalmen potentzialak eta dituzten trebetasun tekniko profesionalak ebaluatuko dira. Nortasun proban, berriz, eskatzen den profil profesionalera egokitzeko hautagaiak duen gaitasuna aztertuko da. Ondoren, 10:00etatik aurrera, banakako elkarrizketak egin beharko dituzte hautaketa prozesuan darraiten sei hautagaiek.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!