Oñatiko udala

Udalak ez du Euskadiko Auzitegi Nagusiaren ebazpenaren aurkako helegiterik aurkeztuko

2024/05/16
Card image cap
“Harriduraz” hartu du agindutako kalte-ordaina argitaratu ez den txosten batean oinarritu izana

  Oñatiko Udalak ez du EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak langile baten kaleratzearen inguruan ebatzitakoaren kontrako helegiterik aurkeztuko, herri komunikabideetara zabaldu duen oharrean zehazten duenez. Duela urtebeteko gertaera da aipatu auziaren oinarria: lanpostu bat denbora mugatu batez betetzeko proposamena egin zitzaion lan-poltsan zegoen hautagai bati; baina, akats bat izan zen kontratazio prozesuan, eta, horrek, kontratua bertan behera uztea ekarri zuen. Ebazpenak desegokitzat jotzen du kaleratzea, eta, horrenbestez, Langileen Estatutuak eta Lan Arloko Jurisdikzioak arautzen duen 493,49 euroko kalte-ordainaz aparte, 30.000 euroko konpentsazioa emateko agindu dio Udalari. Erabaki judizialaren oinarria argitaratu gabe dagoen Gizarte Eskubideen Europako Batzordearen txosten bat da.

  Ebazpena talde juridikoarekin aztertuta, haren aurka ez egitea erabaki du Udalak. Baina harriduraz hartu du 30.000 euroko kalte-ordain nagusia, argitaratu barik dagoen txosten batean oinarrituta egotea. Ondorioz, ez da indarrean diren araubideetan behar bezala oinarritutako kalte-ordain erreal bat, udal arduradunen esanetan. Era berean, gogorarazi da, Oñatiko kasua bere horretan ez dela salbuespena, bai, ordea, ebazpenean jaso den erabakia. Eta adierazle da orain bi aste kaleratu zen ebazpenak izan duen oihartzun zabala.

  Udalari ez zaio bidezkoa iruditzen Langileen Estatutuak eta Lan Arloko Jurisdikzioak arautzen duen 493,49 euroko kalte-ordaina, legalki aplikatu beharrekoa horixe izan arren. Udalak indarrean diren araubideetan oinarritutako kalte-ordaina aplikatu zuela argitzen du eta funts publikoak kudeatzearen ardura duela azpimarratzen du. Gogorarazi ere egin dute Udalak hasieratik zuela onartu zuela kontratazio prozesuan izandako akatsa, eta, hasieratik agertu zela langileari kalte-ordaina ordaintzeko prest. Bide batez, Udalak uste du ebazpena aurrekari izan daitekeela.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!