Oñatiko udala

Udalak eta Txanda elkarteak lankidetza hitzarmena sinatuko dute

2024/07/17
Card image cap
Txandak aurten egin duen zozketa bateko saridunak
Hitzarmenaren babesean bideratuko da 2024ko ekintzetarako udal dirulaguntza

  Herriko beste elkarte eta taldeekin egin bezala, lankidetza hitzarmenaren formula lehenetsi du Udalak Txanda dendarien elkarteari urteko dirulaguntza bideratzeko. 2021ean Oñatiko Merkataritza Biziberritzeko Plana eguneratu zen, tokiko merkataritza sustatu eta lehiakorragoa egiteko helburuarekin. Udala, Txanda elkartea eta sektoreko eragileek zuzenean parte hartu zuten dokumentuaren berritzean. Plan horretan zehazten dira datozen urteetan garatu beharreko lan-ildoak eta ekintzak.

  Txanda elkarteak 2024ko ekintza plana aurkeztu dio Udalari, dagokion dirulaguntza eskaerarekin batera. Udazken-neguko eta udaberri- udako azken txanpak, martxoak 8a, Korrika, margo taldearen erakusketa, Oñatin erosiz, Oñati bizirik eta Gabonetako kanpainak, sektoreko profesionalen formakuntza eta merkataritza bulego teknikoa dira plangintzan jaso direnetako batzuk.

  Udalak berriz, 20.000 euroko diru-partida gorde zuen aurtengo aurrekontuetan Txanda elkartearen izenean, tokiko merkataritza sustatzeko. Eta hori da herriko dendarien elkartearekin izenpetuko den hitzarmenerako bideratuko den kopurua. Hitzarmena sinatu eta berehala dirulaguntzaren erdia ordainduko da eta gainontzekoa, ekitaldiaren amaieran, urteko ekintzen memoria eta zuriketa ekonomikoa aurkezten direnean. 2025eko urtarrilaren 15era arteko epea finkatu da, aipatu zuriketaren dokumentazioa aurkezteko.

  Urtean antolatutako ekintzei aurre egin ahal izateko, Txanda elkarteak hainbat diru iturri ditu: elkarteko bazkideen kuotak eta Udalaren eta Eusko Jaurlaritzaren dirulaguntzak.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!