Oñatiko udala

Udalak eta Foru Aldundiak elkarlanean jarraituko dute Goilarre programaren ko-finantziazioan

2024/04/29
Card image cap
79.000 euro jarriko dira 2024ko larre kanpainarako, Udalak 3tik 1 eta Aldundiak bikoitza

  Goilarre programa Udalaren eta Foru Aldundiaren elkarlanean eta ko-finantzazioan oinarritutako kudeaketa eredua da, herri onurako mendien larreetan jarduten duten ganaduzaleen bizi eta lan baldintzak hobetzeko helburuz. Egin beharreko hobekuntzen identifikazioa eta lehentasunak abeltzainen elkarteen bidez egiten da. Horren harira, Aloñako larreetako lantaldeak batzarra egin zuen urtarrilean, aurtengo inbertsioen planifikazioa eta lehentasunak adosteko.

  Egin ohi diren lanak ugari eta anitzak dira: bideak, ur-aska eta ur instalakuntzak konpondu, ur-aska berriak egin, harrapalekuak konpondu, itxiturak konpondu eta berriak egin edota larreetako xehaketak egin, besteak beste.

  Aldundiaren eta Udalaren arteko ko-finantziaziorako irizpideak hiru dira: larre azalera; babestutakoaren izaera, hau da, naturgunea den ala ez; eta abeltzain kopurua. Aurreko urteetan Udalak inbertitutakoaren arabera Aldundiaren ekarpena aldatu egiten da, eta tokiko inbertsioa handitu ahala diputazioarena ere handitzen da. Aurten, guztira, 79.605 euroko inbertsioa egingo da Aloña, Araotz-Txirikillaleku eta Artiako herri larretan. Hirutik bat, 26.500 euro, Udalak jarriko du eta 53.000 euro Foru Aldundiak.

  98 abeltzainek eramaten dute ganadua Aloña, Araotz-Txirikillaleku eta Artiako larreetara, 2029ko erroldaren arabera. Eremurik zabalena, eta erabiltzaile gehien duena, Aloña aldea da. Ondorioz, inbertsiorik handiena ere bertan egingo da, 62.000 euro inguru.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!