Udalak eta AFAGIk hitzarmena sinatu dute, estimulazio kognitibo tailerra Oñatin eskaintzeko
AFAGI, Alzheimer gaixo eta familien Gipuzkoako elkartearekin hitzarmena sinatu du Udalak. Oñatiko herritarrek behar dituzten zerbitzuak osatzen jarraitzeko ahaleginaren emaitza da elkarlanerako hitzarmen berri hau, Izaro Elorza, funtziotan den alkateak esan duenez. Hitzarmenaren babesean, AFAGIk, Oñatiko gaixo eta familiei aholkularitza, laguntza eta tailerrak eskainiko herrian bertan. Elkarlanerako hitzarmenak hiru urterako iraupena izango du, 2026ko uztailaren 31ra arte, printzipioz. Hiru urteren ondoren baloratuko da jarraitu edo egokitzapenen bat behar duen. Udalak 38.886 euroko ekarpena egingo dio AFAGIri, 12.962 euro urteko.
Iñaki Olalde oñatiarra da AFAGIko presidente, gaur egun. Bizi esperantza luzatzen doan heinean dementziak eta Alzheimer kasuak ugaltzen ari direla adierazi du; Gipuzkoan 13.000 gaixo daude eta 50.000 pertsona dituzte inguruan, izan familia, zaindari…
AFAGIren bulego nagusiak Donostian daude baina Gipuzkoako hainbat herritan eskaintzen dituzte arreta psikosoziala eta estimulazio kognitibo tailerrak: Donostian, Zarautzen, Errenterian, Tolosan, Ordizian, Eibarren eta Arrasaten. Oñatiko hiru lagun Arrasateko taldean ari dira gaur egun baina irailetik aurrera, herrian bertan egin ahal izango dute.
Oñatin detekzioa egingo da, gaixoak tailerretara bideratzeko helburuz AFAGIko langile Marisa Ortigosak azaldu duenez. Tailerrean ditugun ahalmen kognitiboak sustatzen eta mantentzen dituen ekintzak biltzen dira, Alzheimerra duen pertsonaren bizi-kalitatea hobetzeko eta gaixotasuna moteltzeko, ahal den neurrian. Arreta, memoria, hizkuntza eta funtzio ejekutiboak lantzen dira ariketa ezberdinak eginez. Astean bi egunetan egiten dira tailer hauek. Irailean, Oñatin halako talde bat martxan jartzea da helburua. Aldi berean, AFAGI taldea eta bere lana ezagutzera emateko hitzaldia egingo da eta kontzertua eskainiko da, Ganbara faktoriarekin elkarlanean.
Iturria: Oñati Irratia
Harpidetu boletinera
Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!