Oñatiko udala

Udalak entitate moduan parte hartuko du Euskaraldian

2025/03/06
Card image cap
Udal langileei ekimenarekin bat egiteko gonbidapena egingo die eta bertaratzen diren herritarrei ere euskaraz lasai jardunetako arigunea eskainiko die

  Euskaraldia herritarren hizkuntza-praktikak aktibatu eta euskararen erabilera handitzeko asmoa duen ariketa soziala da; euskaraz gehiago, gehiagorekin eta gehiagotan jardun eta entzuteko ariketa. Euskal Herriko belarriprest eta ahobizi guztiei parte hartzeko deia egin ez ezik, entitateei ere bat egiteko gonbidapena luzatu die eta Oñatiko Udalak urrats hori ematea erabaki du. 

  Entitateei oinarrizko hiru zeregin betetzea eskatzen zaie: belarriprest eta ahobizi rolen berri eman eta entitateko kideak rol horiek hartzera gonbidatzea; euskararen erabilera sustatzeko prestakuntza eta baliabideak kideen eskura jartzea eta ariketan parte hartzen dela ikusgarri egitea, espazioak apaindu, txapak banatu, eta barne zein kanpo komunikazioetan Euskaraldia zabalduz. Urrats bat harago joanda, gainera, lanketa sakonagoa egin eta entitatean euskara sustatzeko neurri sendoagoak hartuko dira, ariguneak sortuz, komunikazioak euskaraz eginez eta euskararen presentzia indartzeko beste neurri batzuk hartuz. 

  Laugarren aldiz egingo da Euskaraldia ariketa baina aurten udaberrian izango da, maiatzaren 15etik 25era. Ekitaldiarekin bat egiteko deialdia egin da entitateen artean eta herritar partikularrei ere hartarako aukera emango zaie datorren astetik aurrera, martxoaren 15etik aurrera. hauek ere, ahobizi edo belarriprest izateko gonbidapena luzatuko zaie, rol bakoitzak eskatzen duen konpromiso mailarekin. Egun horretan bertan, martxoaren 15ean, alegia, Euskaraldiaren aurkezpen-ekitaldia egingo da plazan.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!