Oñatiko udala

Udalak, bi telefono kabina kentzeko baimena ukatu dio berriro ere TELEFONICAri.

2013/06/27
Euskadi Etorbidean eta Moiua kalean dauden kabinak kendu nahi ziren baina baimena ez ematea erabaki da.

  Ez da lehen aldia erabilera publikoko telefonia zerbitzua ematen duen Telefonica de España enpresak telefono kabina bat kentzea eskatzen duela. Pasa den hilean bertan Olakuakoa kentzeko baimena bideratu zuen eta orduan ere udalak ezezkoa eman zion.

  Telefono kabinen erabilera asko jaitsi dela argudiatzen du Telefonica enpresak. Oñatin, egun 8 kabina dauden arren, duen biztanle kopurua kontutan hartuta lau kabina dagozkiola dio. Horretxegatik, Euskadi Etorbidean eta Moiua kalean daudenak kentzea eskatu du.
Udalak, halako eskaerak jaso dituen aurreko aldietan bezala oraingoan ere, ezezkoa eman dio Telefonicari. Telekomunikazio legea oinarri hartuta, telekomunikazio zerbitzu unibertsala eskaintzeko betebeharra gogorarazi dio konpainiari eta ordaindu beharreko telefono publikoen behar besteko eskaintza eman behar dela azpimarratu du.

  Bide batez, Telefonicari hainbat eskaera egitea erabaki zen azken tokiko gobernu batzarrean. Herri gune historikoan dauden hainbat azpiegituren egoera ikusita, horiek zaintzea eskatuko zaio. Eta hiru puntu zehazten ditu gobernu taldearen erabakiak:
  Bidebarrieta kalean, azoka ondoan dagoen egurrezko zutoina. Erraz igotzeko moduko zutoina dela dio udal akordioak. Ondorioz, eta arriskua ekidite aldera zutoina kendu eta kableak lurperatzea eskatuko zaio Telefonokari.
  San Juan kaleko 4 zenbakiaren atzealdean, Oñati ibaia gainetik zeharkatzen duten kable solteak ahal den neurrian kendu eta ezin bada, ondo jostea eskatuko da. Eta azkenik, Kale zaharra 32 zenbakiaren atzealdeko ortuetan botata dagoen egurrezko zutoina beharrezkoa bada berriro tente jartzea eskatuko da.

  Hiru eskaera hauek argitzeko argazkiak bidaliko zaizkio Telefonica konpainiari.

Iturria:Oñati irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!