Udalak antolatzen dituen udalekuetan begirale izateko oinarriak argitaratu dira
![Card image cap](https://www.xn--oati-gqa.eus/eu/berbia/albisteak/udalak-antolatzen-dituen-udalekuetan-begirale-izateko-oinarriak-argitaratu-dira-1/@@images/8f1aa91e-fb85-4a27-bfa4-faff0d2773e4.jpeg)
Ekainaren 23tik uztailaren 18ra egingo dira aurten udalak antolatutako udaleku irekiak eta arte udalekuak. Bi ekintzetarako begiraleak kontratatzeko oinarriak onartu eta argitaratu ditu Udalak, baina izen-ematea ez da berehalakoan irekiko, martxoaren 17tik 28ra egin beharko baita.
Udaleku irekietan begirale aritzeko, 16 urte beteta izan behar dira, eskola-graduatua edo parekoaren jabe izatea eta 2. hizkuntza eskakizunaren pareko euskara maila izatea eskatzen da. Arte udalekuetarako, Arte Ederretako graduaren lehenengo bi ikasturteak gaindituta izatea eta 3. hizkuntza eskakizunaren pareko euskara ezagutza izatea eskatzen da. Bi kasuetan, gainera, sexu delitugileen erregistro zentraleko agiri negatiboa izatea eskatzen da. Bete beharreko oinarrizko baldintzez gain, formazio akademiko osagarria, aisialdiko monitore titulazioa, eskatutakoaren gainetik dagoen euskara maila ziurtatzea eta lan esperientzia baloratu egingo dira. Informazioa, udaleko web atarian zintzilikatuta dago baina izena emateko epea hilabete pasa barru irekiko da, martxoaren 17an, esan bezala. Orduan jada, begirale izateko eskaerak udaleko zerbitzu telematikoen bidez bete ahal izango dira edo aurrez aurre, HAZ bulegora joanda.
Eskaera eredua betetzerakoan kontrakorik adierazten ez bada, udalaren esku utziko da nortasun agiria, eskatzen diren titulu ofizialak, hizkuntza eskakizunak, sexu delitugileen erregistro zentraleko agiri negatiboa eta lan bizitza egiaztatzea. Baimen hori ematen ez dutenek hala adierazi beharko dute eskaera orrian eta agiriak aurkeztu beharko dituzte. Merituen atalean azaltzen direnak ere agiri bidez egiaztatu beharko dituzte hautagai guztiek.
Udaleku irekietarako hautatutakoek ekainaren 7an eta 14an egingo diren prestakuntza saioetara joan beharko dute eta arte udalekuetan arituko direnek ere prestakuntza eta balorazio bilerak izango dituzte. Horien ordaina kontratuan sartuko da. Izan ere, Udalak hilabete pasatxoko lan kontratua egingo baitie hautatutako begiraleei. Hori bai, zorroztu egin da udaleku irekietako hautagaien uko egitea. Azken urteetan arazo bihurtu da udalekuak hasteko puntuan zenbait begiralegaiek uko egiten diotela, horregatik, zigorra jartzeko aukera jaso da aurtengo deialdian; udalekuak hasi aurreko 15 egunetan uko egiten duten hautagaiei penalizazio bat jarri dakieke hurrengo urteko puntuazioan. Baina xehetasun guztiak, udaleko web atarian zintzilikatu diren oinarrietan jaso dira.
Iturria: Oñati Irratia
![](/++theme++oinati-theme/img/i_harpidetu.png)
Harpidetu boletinera
Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!