Udalak 35.000 euroko dirulaguntza emango du Parrokiako erreteila egin eta konponketa lanetarako
Orain hilabete eta erdi, ekaineko lehen astean hasi ziren Parrokiako klaustroko erreteila egiteko lanak. Ia 284 mila euroko aurrekontua zehaztu da eta Udalak 35.000 eurorekin lagunduko du, atzoko Osoko Bilkuran onartu zen lankidetza hitzarmenaren babesean.
Mikel Goiaingeruaren Parrokiaren alboko nabeen eta klaustroaren erreteila egiten ari dira eta, bide batez, mendebaldeko fatxadako harrizko paramentuan dagoen pitzadura zigilatuko da. Pitzadura beira zuntzez eta kare hidraulikoz egindako morteroarekin estaliko da, harlagaitz-horma juntaberrituz. Era berean, klaustroko harrizko pinakuluetan esku hartuko da, hausturak edo erortzeko arriskua duten elementuak sendotuz, altzairu herdoilgaitzeko hegaxkekin josita. Ugarte eraikuntza enpresa ari da lanak egiten.
Udalaren politiketan herriko kultur ondarearen aitortza, kudeaketa eta kontserbazioa sustatzen da, ondare ondasunak babestu eta ezagutarazteko lana egitearekin batera. Kultur ondarearen elementuen interes publikoa ere aitortzen da eta, kasu honetan, Mikel Goiaingeruaren Parrokia-Elizaren eta klaustroaren garrantzia azpimarratzen da, monumentu kategoria baitute biek eta ondorioz, babes maila berezia. Ondorioz, gobernu taldeko eta parrokiako ordezkariek bilera egin zuten eta aipatu lanetarako lankidetza hitzarmena egin eta 35.000 euroko dirulaguntza zuzena ematea adostu zuten.
Gaia atzoko Osoko Bilkuran aurkeztu eta onartu zen, EH Bilduko taldearen aldeko botoz eta EAJren abstentzioaz. Hitzarmenarekin eta onartutako dirulaguntzarekin ados egon arren, gaiak eraman duen prozedurarekin bere desadostasuna agertu nahi izan zuten jeltzaleek, abstentziora eginda. Parrokiako ordezkariekin egindako bilerara ez zituztela gonbidatu eta gaia Kultura batzordean azaldu zenean diru kontuak guztiz zehaztu gabe eraman zirela adierazi zigun plenoaren ondoren Amaia Erostarbe bozeramale jeltzaleak. Abstentzio horren bitartez, formekiko beren desadostasuna azaldu nahi izan zuten zinegotzi jeltzaleek.
Iturria: Oñati Irratia
Harpidetu boletinera
Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!