Oñatiko udala

Udala eta Oñatz Dantza taldearen artean lankidetza hitzarmena sinatu da, erraldoien elkartruke batean parte hartzeko

2024/07/16
Card image cap
Oñatiko erraldoiak Terrassan egon ziren ekainean, hangoak irailean ekarriko dira

  Oñatz dantza taldeak urteak daramatza herriko erraldoi eta buruhandiez arduratzen. Kataluniako Terrassa herritik gonbidapena jaso zuten eta herriko lau erraldoi eta Txirri eta Mirriren buruak hartuta hara joan ziren, trikitilariek lagunduta, ekaineko bigarren asteburuan. Bueltan, Terrassakoak irailean etorriko dira, 21ean egingo den erraldoien konpartsen topaketan parte hartzera. Egun horretan Terrassako Gegants Bojos taldeak, Bergarako erraldoi taldeak eta herriko erraldoi guztiek parte hartuko dute: Oñatiko konpartsak, Konpartsa txikiak, Sebastian erraldoiak eta Atzeko kaleko konpartsak. Ikuskizuna irailaren 21eko goizeko 11:30etan hasiko da Kanpantxo paretik.

  Kataluniako konpartsaren antzera, Bergarakoarekin ere elkartrukea egin du aurten Oñatz dantza taldeak eta herriko erraldoiak Bergarako Pentekoste jaietan dantzatu zituzten. Ez da lehen aldia Oñatiko erraldoiak kanpoan erakusten direla baina Bartzelonaraino eramateak, eta bertan dantzatzeko behar den jendearen joan-etorriak, esfortzu ekonomiko garrantzitsua eskatzen du eta udalaren dirulaguntza eskatu zen. Horren harira etorri zen azken Osoko Bilkuran aho batez onartutako lankidetza hitzarmena.

  Oñati eta Terrassako erraldoien eta buruhandien elkartrukea babesten duen hitzarmen puntuala da, nahiz urtebeteko iraupena izango duela jaso den. Udalak 4.850 euro jarriko ditu elkartrukeak eragindako gastuak arintzeko. Oñatz dantza taldeak Kultura udal departamentutik urtero jasotzen duen dirulaguntzan, taldearen dantza jardunaz gain, herrian eta auzoetan egiten dituen erraldoien eta buruhandien irteeretarako konpromisoa jasotzen da.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!