Oñatiko udala

Udala eta Eltziaren arteko lankidetza hitzarmenaren luzapena eta dinamika berria onartu da

2023/05/18
Card image cap
16.000 euro bideratuko dira dinamizazio programa eta garbiketa eta mantenu gastuetarako

  Udalaren eta Eltziaren arteko lankidetza hitzarmena lau urterako luzatu da. Eltzian dinamika berri bati ekiteko diru-laguntza jaso da dokumentuan. Dinamika berriaren helburuak dira, Eltzia dinamizatu, biziberritu, harreman-sarea sendotu eta egitasmoa herriari irekitzea.

  Eltzia, herri-sormenaren etxea elkarte soziokulturala elkartearekin lankidetza hitzarmena beste lau urtez luzatzeko erabakia aho batez onartu zen azken Osoko Bilkuran. Luzapen horrek Udalaren eta herriko hainbat talde eta kolektiboren arteko lankidetza-esparruari eusten jarraitzeko aukera eskaintzen du. Asmo berri bat txertatu da lankidetza dokumentuan eta hori martxan jartzeko dirulaguntza. ELTZIA biziberritzeko Eltzekideek landu dituzten ideiak eta ekintzak oinarri hartuta landu da dinamika berria. Eltzekideen arteko harremanak sendotzea, Eltzia proiektu amankomun gisa biziberritzea eta Topagunea eltzekideen eta herritarren elkargune bilakatzea izango dira proiektuaren helburuetako batzuk. Urtean zehar hainbat dinamika, kontzertu, ekitaldi, eta abar antolatuko dira, eta Eltzia Eguna ere bai. Horretarako, Eltziak dinamizatzaile bat izango du aurrerantzean.

 Eltzia herri sormenaren etxea elkarte soziokulturalari 16.000 euroko dirulaguntza zuzena bideratzea jasotzen du hitzarmen dokumentuak, egitasmoari loturiko zeharkako garbiketa, mantentze eta bestelako gastuetarako, batetik, eta aipatu ekintza eta jardueran gauzatzeko, bestetik.

  Apirileko Osoko Bilkuran onartutako Udala-Eltzia lankidetza hitzarmena ekainean hasiko dira martxan eta herrira begirako ekintzak irailetik aurrera izango dira.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!