Udala eta EHUren arteko lankidetza hitzarmena beste lau urtez luzatuko da
2019ko abenduan erabaki zen Udala eta Euskal Herriko Unibertsitateko Historiaurreko taldearen arteko lankidetza hitzarmena sinatzea, herriko ondare arkeologiko eta paleontologikoa babestu eta ezagutzera emateko helburuz. Lau urterako izenpetu zen hitzarmena beteta, beste lau urtez luzatzea erabaki zen azken Osoko Bilkuran.
Hainbat gai garatuko dira luzatu den lankidetza hitzarmen honen baitan: Oñatiko udalerrian landa eremuko eta laborategiko ikerketa arkeologikoko jardueren programa; udalerriko ondare arkeopaleontologikoa zabaltzeko programa, bai esparru espezializatuan, Oñatiko unibertsitatea arkeotopaketak antolatuz eta baita dibulgazio esparruan ere, hitzaldiak eskainiz; kultur ondareari lotutako teknikarientzako prestakuntza osagarriak eskaintzea, izan kultura, turismo edo Arrikrutzeko kobako teknikarientzat eta ondare arkeopaleontologikoa balioesteko garatu beharreko beste ekimen batzuk gauzatzea.
2024rako aurreikusita dagoen prestakuntza, kontserbazio, ikerketa, aholkularitza eta dibulgazio lanetarako 12.000 euro bideratuko ditu Udalak eta, era berean, datozen hiru urtetarako konpromiso kreditua onartu zen azken Osoko Bilkuran.
Orain luzatu den lankidetza hitzarmen honen harira bi arkeotopaketa jardunaldi egin dira orain arte eta lehenean jasotako ikerketak liburu batean argitaratu berri dira: Las materias primas líticas en la prehistoria del Pirineo y la región cantábrica, hain zuzen. Oñatiko unibertsitatea III. Arkeotopaketak berriz, apirilaren 17-19 bitartean egingo dira.
Iturria: Oñati Irratia
Harpidetu boletinera
Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!