Oñatiko udala

Udala, aurrekontuaren zati bat auzoen esku uzteko gertu dago.

2012/06/04
Diru hori “auzotasuna” garatzeko egitasmoetarako litzateke. Proposamena, auzo alkateen foroko azken bileran egin zen.

  Udal gobernu taldea prest legoke bere aurrekontutik zati bat auzoen esku uzteko hauek beren kabuz kudeatu dezaten. Diru hori, “auzotasuna” garatzeko litzateke, hau da, auzoan kultur ekitaldiak antolatu, jaixak egin edo auzoak erabiltzen dituen eraikinen mantenimendu, aseguru eta antzekoetarako.

  Udalak, orain arte bezala, auzoetako bide azpiegituren, argiteria eta bestelako gastu eta beharrak kudeatzen jarraituko luke.

  Udal ordezkariek auzo alkateekin batera egin zuten laugarren bilerara hurbildutako auzo ordezkariek begi onez ikusi zuten proposamena. Auzoak eta Landa Garapena udal batzordeko aurrekontu orokorretik diru kopuru jakin bat auzoen artean banatu eta hauek zuzenean kudeatzeko aukera dagoela jakinik, hurrengo eztabaidagaia, banaketa hori nola egin izan zen. Hau da, auzoentzako izango den diru poltsa nagusi hori nola edo zein irizpideen arabera banatu. Bi proposamen egin ziren: auzoetako biztanleen arabera edota, biztanleak eta etxe kopurua %50era ponderatuta.

  Ezer konkreturik ez zen erabaki baina proposamena mahai gainean dago eta hurrengo bileran eztabaidatzen jarraituko da.

  Auzoalkateen foro honek dinamika bizia hartu du. Orain egun gutxi Aramaion egon ziren justu asteburu honetan inauguratu den BASERRI BERRI proiektua bertatik bertara ezagutzen. Sagardogile talde baten ekimena izatetik hasi zena lehen sektoreko egitasmoak garatzeko zentru bihurtu da. Lehen sektorean jarduten duten herritarrei sagardoa egin edota artzaintzaren edo ortuko produktuei irteera emateko aukerak zabalduko dizkie aurrerantzean.

  Oñatiko auzo alkateak egindako bisita bueltatuz, Aramaioarrak ekainean Oñatira etortzekoak dira.

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!